athletic 1-0 panathinaikos

Europa Ligako zozketan izango da Athletic, Panathinaikos gaindituta

Zuri-gorriek 1-0 irabazi diote Greziako taldeari.

Iker Muniain eta Aritz Aduriz, elkar besarkatzen. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
2017ko abuztuaren 24a
22:34
Entzun

Atenasen kanporaketa ia erabakita utzi eta gero, Athleticek ez du sorpresarako zirrikiturik utzi San Mamesen, Panathinaikosen aurka jokatutako partidan. Europa Ligako ostiraleko zozketan leku bat izatea zegoen jokoan, eta zuri-gorriek merezita izango dute beren izena Nyonen egitekoak diren zozketan. Lehen multzoan izango da Athletic, eta bigarrenean Reala.

Joanekoan 2-3 irabazi izanagatik, erasora jo du Athleticek partida hasiera-hasieratik. Aukera argiak izan ditu, bereziki Iñigo Lekuek eskuin hegaletik gora eginda, eta 22. minutuan heldu da etxekoen gola: baloia luze jo du Etxeitak, eta bularrez jaitsi Aritz Adurizek; eskuinera zabaldu du, Markel Susaeta zegoen lekura, eta, eibartarrak, baloia azpitik erdiratuta, gola oparitu dio atzetik zetorren Iker Muniaini.

Gola jasota, pauso bat aurrera eman dute greziarrek, eta izan dituzte abaguneak partida berdintzeko. Chavezek izan du argiena, area barruan zegoela, baloia gurutzatu eta zutoinera botata. Hor amaitu da Athleticen estuasuna, greziarrak ez baitira gai izan aparteko arriskurik sortzeko.

Lehen zatiaren lepotik izan du burua bigarrenak; erasoko jokaldiak sortzeko zailtasunak izan ditu Panathinaikosek, eta baloia gehiago izan du Athleticek. Aulkian zeudenek minutuak izateko balio izan du bigarren zatiak. Bi partidak irabazita, Athleticek eta Realak ostiralean 13:00etatik aurrera ezagutuko dituzte arerioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.