Europak izar guztiak biluzten ditu

Anadolu Efesek dirutza inbertitu du Sasha Vujacic eta Jordan Farmar joko antolatzaileak fitxatzeko; NBAn jokatu dute biek, baina Euroligak argi erakutsi du Farmarrek NBAn lekua baduela, Vujacicek ez bezala.

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
NBAko lock-out-ak, grebak, eguneroko bilakatu zuen oso noizbehinka izaten zen egoera. AEBetako ligako jokalari mordoak Ozeano Atlantikoa zeharkatu, eta kontinente zaharrean jokatzea erabaki zuten, ikusita munduko ligarik onenak ez zuela hitzartzen lehiaketa hasteko itunik. Hogeitaka jokalari izan ziren, batzuk onak, besteak ez hainbeste, baina gehienek NBAra bueltatzea erabaki zuten greba bukatu eta liga hasi zenean. Kontrako erabakia hartu zutenetako batzuk dira Real Madrileko Rudy Fernandez eta Efeseko Jordan Farmar eta Alexander Sasha Vujacic.

Kanpoko lerro bikaina osatzen dute Vujacic eta Farmarrek; edozein talde txikitzeko gai dira. Baina nolatan daude Europan? Vujacic esloveniarrak zortzi urteko bide luzea egin zuen NBAn, greba iritsi aurretik. Zazpi urte Lakersen, eta azkena, New Jersey Netsen. Farmarrek ere bost urte luze egin zituen, lau Kaliforniako hiriburuan, eta azkena, New Jerseyn. Denak Vujacic alboan zuela. Berriro elkarrekin ari dira orain. Turkian. Liren txin-txin hotsaren zepoan harrapatuta.

Vujacicen kirol ibilbidea ikusita, ulertzeko modukoa da Europan jokatzen ikustea, NBAn ez zuelako zenbaki on-onik lortu. Beti Kobe Bryanten itzalean izan zen, eta une erabakigarrietan puntu bateko jaurtiketak saskiratzen trebea zelako egin zen ezagun, baina apenas jokatzen zuen dozena bat minutu partidako. Hark ez du aitortu, baina Istanbulekoa izan da jaso duen eskaintzarik onena, eta han geratzea erabaki du.

Farmarren egoerak zalantza gehiago sortzen du, Vujacic lagunak baino zenbaki hobeak baititu NBAn. Sei eta hamar puntu saskiratzen zituen partidako, eta bere parte hartzea Vujacicena baino garrantzitsuagoa zen. Tel Aviveko Maccabin jokatu zuen lock-out-ak iraun zuen bitartean, eta ondoren, New Jersey Netsekin zuen urtebeteko kontratuari —4,2 milioi dolarri— uko egin zion, Turkiara joan ahal izateko. Euroligan bikain ari dira NBAko izar ohiak. Hobeto Farmar, partidako hemeretzi puntu saskiratuta eta hirukoen %72 asmatuta. Vujacic apalago dabil: hamalau puntu partidako, baina beti bezain eraginkor bateko jaurtiketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.