Europako Batasunak ultimatuma luzatu die Espainiako kirola agintariei harrobiko jokalarien kupoak bertan behera utz ditzaten. Saskibaloi profesionalaren kasua aipatuta, bi hilabete eman dizkie egoera zuzendu dezaten. EBren ustez, kupo horiek «baztertzaileak» dira batasuneko beste herrialdeetako jokalarientzat. Epe horretan egoera zuzenduko ez balitz, auzitara joko luke.
FEB Espainiako Saskibaloi Federazioak eta ACB ligak harrobiko jokalarien kupo bat ezartzen dute. Kupo hori Espainiako jokalari sindikatuekin eginiko bileran adosturikoa da. Horien arabera, talde bakoitzak 13 eta 19 urteen artean gutxienez hiru urtez FEBeko fitxa izan duten jokalari kopuru jakin bat eduki behar du. Taldeak 11 jokalari baditu, lau, eta hamabi baditu, bost.
EBk ulertzen du legedi hori harrobiko lana sustatzeko egokia dela, baina Espainiako jokalarientzat gutxieneko legezko hori lortzea errazagoa dela argudiatu du, eta horregatik uste du baztertzailea dela. Erabaki honek mesede egiten die harrobi azpiegitura landu gabea duten taldeei, ACBko euskal hiru taldeei kasurako.