Athletici dagokionez, bi arrazoirengatik ikertuko du Europako Batzordeak Bilboko kluba. Batetik, Osasuna bezala, elkarte anonimo ez delako. Bestetik, ordea, San Mames Barria eraikitzeko sortu zen elkarte publikoa dela-eta irregulartasunak egon daitezkeelakoan. Josu Urrutia Athleticeko presidenteak agerraldia du bihar Ibaiganen, eta tartean litekeena da horretaz ere mintzatzea.
San Mames Barria elkarte publikoak bost bazkide ditu: Athletic, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Kutxabank (lehen, BBK). Jaurlaritzak eta Kutxabankek 50 milioi jarri dituzte lanetarako. Athleticek eta Foru Aldundiak 33 milioi jarri dituzte dirutan, eta beste 17 San Mames zaharraren lur saila emanda. Bilboko Udalak, azkenik, 11 milioi euro jarri ditu udal lizentziatan.
Espainiako Ligako beste bost klub ere jomugan
Athletic eta Osasunaz gain, Real Madril, Bartzelona, Valencia, Hercules eta Elx futbol klubak ere ikertuko dituzte, arrazoi desberdinak tarteko. Gaineratu du ministroak Espainiako Gobernuaren arabera ez dagoela lege hausterik. Bruselaren ustez, ordea, fiskalitatean abantailak eman dizkie Athletici eta Osasunari elkarte anonimo ez izateak. Bi horiez gain, Real Madril eta Bartzelona ere arrazoi beragatik ikertuko ditu. Valencia, Hercules eta Elx Valentziako Finantza Institutoaren laguntza jaso dutelakoan ikertuko ditu.
Espedientea aste honetan abiatuko du Bruselak, eta helegiteak aurkezteko epea irekiko da, hilabete batekoa. Garcia-Margallok dio Espainiako Gobernuak prest dituela. Ondoren beste hiru hilabete izango dira helegiteetarako, eta horien ondoren hartuko litzateke erabakia. Auzia itxi dezake Europako Batzordeak, edo merkatu bakarraren kontrako neurriak izan direla frogatuz gero, dirua itzultzeko eskatu diezaiekete klubei.