EUROPAKO ERREKOPAKO FINALERDIETAKO JOANEKO PARTIDA. «Ez naiz inoren beldur, baina aurkariari errespetua diot»

edurne elizondo
2010eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Alemaniara abiatu aurreko azken entrenamendu saioa hasi aurretik mintzatu da Berriarekin Davor Dominikovic (Metkovic, Kroazia, 1978). Joan den asteburuan sukarrak jota egon zen, eta oraindik ez da erabat osatu. Arrateren aurka aritu zen asteazkenean, hala ere, eta Gummersbachen kontra jokatzeko irrikan da.

Zer moduz zaude?

Ongi nago, baina sumatzen dut lau egun egin ditudala entrenatu gabe. Asteazkenean hartu nuen azken antibiotikoa.

Arrateren aurka aritu zinen, hala ere.

Bai, garrantzitsua zen irabaztea guretzat, eta saiatu nintzen ahal nuen guztia ematen.

Irabazi egin zenuten. Indarra eman dizue garaipen horrek Errekopako partidarako?

Bai, bai, garaipen garrantzitsua izan da. Hiruzpalau partida galdu genituen jarraian etxetik kanpo, eta Arrateren kontrako garaipena, ondorioz, balio handikoa izan da guretzat.

Alemaniako ligan aritu zara zu. Nolako taldea da Gummersbach?

Aurkari gogorra da. Ibilbide luzeko taldea da, gainera. Aurreko sasoian hainbat jokalari garrantzitsu galdu zituen taldeak, baina, hala ere, multzo sendoa dute, oraindik ere. Jokalarien artean Bukovic, Zrnic edo Gunnarsson nabarmenduko nituzke, bai eta Krantz ere, batez ere defentsan egiten duen lanagatik. Ezker hegaleko hagitz azkarrak ditu Gummersbachek, halaber. Haien abantaila nagusia, hala ere, nire ustez, duten entrenatzailea da, Hasanefendic. Esperientzia handiko gizona da.

Talde sendoa, beraz. Zozketa baino lehen zuk argi utzi zenuen ez zenituela alemaniarrak nahi finalerdietan.

Ez nik, ezta bertze jokalariek ere. Ni ez naiz inoren beldur, baina aurkariei errespetua diet. Steauari baino errespetu handiagoa diot Gummersbachi, hori egia da. Hala ere, txapela bat irabazi nahi duzunean aurrean agertzen diren talde guztiak garaitu behar dituzu. Orain arte zorte ona izan dugu zozketekin, eta gu baino maila apalagoko aurkariak egokitu zaizkigu. Finalerdietan Gummersbach egokitu zaigu, eta aurrera egin behar dugu.

Errekopa da zuen helburu nagusia. Anitz dago jokoan zuentzat?

Bai, anitz. Sasoi honetan arazo anitz izan dugu, eta polita izanen litzateke hasieratik gure helburu nagusitzat jo genuen txapelketa hau irabaztea.

Aldaketak, arazo ekonomikoak... halako egoera baten aurrean zaila al da burua eskubaloian soilik murgiltzea?

Zaila da, baina ez da izan ditugun emaitza txarren aitzakia. Jokalariok ez dugu pentsatzen soldata jasoko dugun edo ez pistara ateratzen garenean. Pistan irabazi bertzerik ez dugu nahi.

Zaleek ere huts egin dute sasoi honetan. Zer deritzozu?

Ulertzen dut, baina haien falta sumatzen dugu. Eta behar ditugu, denen artean aurrera egiteko. Finalerdietako itzulikoan hemen izanen direla espero dut.

Nola ikusten duzu taldea orain?

Ongi, lehen itzulian baino askoz ere hobeki ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.