Europako Liga da helburua

Azken bi partidak galdu arren, seigarren da Osasuna, datorren sasoian Europan jokatzeko aukera ematen duen postuanEspanyoli gaur irabazita, aurkari zuzen bat atzean utzi nahi dute gorritxoek

Iruñea
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Osasunak jokatu dituen azken bi partidak ikusi dituen zale orori kosta egingo zaio sasoi amaieran Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldea Europan lehiatzeko aukera lortzen imajinatzea. Real Madrilen eta Rayo Vallecanoren aurkako partidetan gol bakarra lortu zuten nafarrek, eta 11 jaso. Denboraldiko helburu nagusia lortu ostean, mailari eustea ez den beste ezertarako indarrik ez daukatela dirudi. Baina, hala eta guztiz ere, sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen du Osasunak, datorren sasoian Europako Liga jokatzeko aukera ematen duen postuan. Eta hiru punturen tartean sei talde izanagatik, gorritxoek aurretik jarraitzen dute oraingoz. Helburua zein den argi dago, eta, datorren denboraldian Europako Ligan lehiatu nahi baldin badute, ezinbestekoa da gaur iluntzean Espanyol mendean hartzea. Aurkari zuzena da Bartzelonako taldea, eta gaur irabazten duen taldeak aurrerapauso itzela emango luke.

Rayo Vallecanoren zelaian jasotako astindua taldeari zenbaterainoko kaltea egingo dion ikus daiteke gaur. Vallecasen sei gol jasota galtzea gogorra izan zen, baina gaur irabaziz gero baikortasuna itzuliko da berriz Iruñeko taldearen ingurura. «Mingarria izan zen Vallecaskoa, baina, azken bi partidak galdu arren, atzekoek ez dute sailkapenean gu gainditzerik lortu. Hor gaude oraindik, Europako Ligarako lehian bizirik, eta helburua zein den gogoratu behar da: partidaz partida soilik pentsatzea. Izan ere, mailari eutsi eta gero, lasaitu egin gara. Vallecasen sei gol jaso genituen, baina akaso 2-0 galtzea baino hobea izan daiteke 6-0 galtzea, 2-0 galdu eta geure burua oraindik seigarren postuan ikusiz gero, porrotak kalterik ez zigula egin pentsatu ahal baikenuen. Baina ez, sei gol jaso genituen, eta hori onartezina da, ezin dugu horrela segitu, zerbait aldatzeko ordua da», esan zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek, Vallecasen jasotako porrota pizgarri izatea espero duela argi utzita.

Espanyolek garesti salduko ditu puntuak, dena dela. Azken partidetan baino askoz hobeto egin beharko dituzte gauzak, nafarrek Mauricio Pocchetinok entrenatutako taldeari irabazteko. «Iruñean punturik lortu ezean, Europako postuetarako lehian atzeraturik gera gaitezke. Irabazten ahalegindu behar dugu», esan zuen atzo entrenatzaile argentinarrak.

Nekunamek min hartu du

Javad Nekunam irandarrak min hartu zuen atzo, partida aurreko azken entrenamenduan. Ezker oinean kolpea jaso, eta aldageletara joan zen irandarra lan saioa amaitu aurretik. Ondoren, deialditik at utzi zuen Mendilibarrek. Jukka Raitala ezker hegaleko atzelari finlandiarra ere deialditik at geratu denez, nafarren hasierako hamaikakoan bi aldaketa egingo ditu, gutxienez, Mendilibarrek. Lesiotik osatu ostean Marc Bertran hasieratik ariko da berriz ere. Eskuin hegaleko atzelari kataluniarraz gain, Vallecasen zigortuta zen Roland Lamah ere hasieratik ariko da, Xavier Annunziataren kaltetan. Bigarren taldeko Manu Omwu eta Raoul Cedric Loe izan ziren jokalarien zerrendako beste bi fitxatu berriak. Frantziako euskarri gazteak hasieratik jokatzeko aukera izan dezake, gainera, Nekunamen ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.