Asteartean egin zuten txapelketaren aurkezpena, Parisen, eta han izan ziren hainbat entrenatzaile eta jokalari. Sei hilabete iraungo du lehiak. Sailkapen fasean, joan-etorriko partidak jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko lehen sailkatuak (6 talde) lortuko du final-laurdenetarako txartela, eta baita bigarren postuan sailkaturiko bi onenek ere. Finala Londresko Twickenham zelaian jokatuko dute, 2004. urteko maiatzaren 22 edo 23an. Izan ere, 22an Ingalaterrako Futbol Kopako finala jokatuko da, eta litekeena da errugbikoa igandera igarotzea.2002-2003 lehiarekin alderatuta, partidetako puntuazio moldeak aldaketa ukanen du. Hala, irabazteagatik 4 puntu eskuratuko dira, berdintzeagatik 2 puntu, eta galtzen duenak ez du punturik jasoko. Halere, zazpi tanto edo gutxiagoagatik galtzen duenak puntu bat bereganatuko du. Gainera, 4 entsegu egiten dituenak gehigarrizko puntu bat lortuko du.Sistema hori ezartzeak badu arrazoi bat. Izan ere, azken xapelgoan berdinketa bat baino gehiago gertatu zen, eta baita ika-mika ugari ere. Horien artean Miarritze-Cardiff partidarekin. Lapurtarrek 75-25 irabazi zioten Cardiffi, 13 entsegu eginda, eta, ondorioz, Bourgoin kalean geratu zen, entsegu gutxiago egin zuelako. Gloucester ere kanpoan geratu zen, Ingalaterrako txapelduna alegia.
Bestalde, litekeena da sailkapen faseko azken jardunaldia egun eta ordu berean jokatzea. Halere, oraindik ez dagoela «zehaztuta» aipatu zuen Jean-Pierre Lux ERCko (European Rugby Cup) lehendakariak.
Martin: «Ordainekoa»
Leinsterren kontra jokatuko du bihar Miarritzek. Iazkoaren «ordainekoa» izango dela adierazi zuen Marcel Martin Miarritzeko lehendakariak herenegun. Taldearen entrenamendua zuzenean ikusi nahi izan zuen lehendakariak. Laugarren urtea du Miarritzek lehia horretan, eta pixkanaka «egokitzen» ari dela arlo guztietan dio Martinek. «Miarritze saiatzen ari da bere babesle eta zaleari taldeari dagokion egitura duina ematen. Ez geneukan harmailetan leku aproposik babesleak jartzeko eta prestatzen ari gara. Espero dut urtarrilaren 3rako amaituta edukitzea, Tolosa etorriko baita orduan».
Multzoan ukanen dituzten aurkariei buruz, bi hitz egin zituen: «Leinsterrek Irlandako selekzioaren erdia du, eta horregatik, han irabaztea aski bihurria izango da. Salek Robinson du taldean, eta berak eman zion garaipena Ingalaterrari Munduko Kopa irabazteko. Cardiff ez da iazkoa izango, hobea».Azkenik, Betsen taldean ez izateagatik haserre samar dago: «Ez da batere neurrikoa izan zigorra. Frantziari sei hilabetez utzi genion eta sei asterako zigortu du; ez da sari oparoa guk eginiko ahaleginarentzat».
-
Miarritzeren kontrarioak
leinster
Leinster herrialdea 1879an sortu zen. Lehoiakesaten diete, eta orain arteko zortzi txapelketak jokatu ditu. Aurreneko seietan ez zen sailkatu final-laurdenetarako. 2001-2002 sasoian final-laurdenetara sartu zen, eta 2002-2003an finalerdia jokatu zuen, Perpinyaren kontra. Irlanda selekzioaren ardatz nagusia izan da azken Munduko Kopan, eta jokalariok ditu ezagunenak: O'Driscoll, Dempsey, Hickie, Miller, O'Kelly, Paul Wallace, Costello, Quinlan eta Horgan. Donnybrook zelaian jokatzen du, baina aski txikia da (7.500 ikusle), eta Europako Kopan, Lansdowne Roaden aritzen da.
Sale sharks
Europako Kopan bigarren urtea du, eta, beraz, lehen aldiz ariko da Miarritzeren aurka. Iaz ez zen sailkatu final-laurdenetarako.Ingalaterrako Maila Nagusiko Ligan dihardu, eta 5. postuan da, Bath, Wasps, London Irish eta Northamptonen gibeletik. Joan zen larunbatean 9-3 galdu zuen London Irishen aurka. Aitzin-multzo indartsua du, eta hiru laurdenetako lerroan Robinson dauka, Munduko Kopako finalean erabakigarria izan zen hegala. Oso jokalari arriskutsua da, eta jokaldi batekin garaipena eman liezaioke taldeari. Gainera, jokalari hori izan zen taldeko bakarra Mundialean.
cardiff
1876 sortu zen taldea. Aurten Galesko bost talde ariko dira lehian. Horietatik hiru, bi talde elkartuta ariko dira, baina ez Cardiff eta Llanelli. Arms Park zelaian jokatzen du. Zazpi aldiz hartu du esku Kopan, eta 1998-1999 sasoian huts egin zuen. Lehen finala jokatu zuen Tolosaren kontra, eta 21-18 galdu zuen. Hurrengo sasoian finalerdira heldu zen. Gero, bi final-laurden jokatu zituen. Iazkoarekin alderatuta, dezente indartu da, baina arazoak ere ukan ditu. Iestin Harris, Emyr Lewis, Jamie Robinson, David Young, Morgan eta Williams internazionalak ditu jokalaririk aipagarrienak.