Europara jauzi egingo du World Tourrak, Paris-Niza probarekin

Bi erlojupekorekin eta mendate etzanekin, erlojuaren aurkako espezialistentzat da aproposa ibilbidea

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ibilbide arraro samarrarekin ekingo dio bihar World Tourrak Europako ibilbideari. Aurtengo Paris-Niza ez da oso egokia esprinterrentzat, bigarren etapa soilik delako haientzat prestatutakoa; igotzaileentzat ere ez da oso ona, Mende lehen mailako mendatera bidean soilik lehertu ahal izango dutelako lasterketa; eta erlojupekoan artistak direnak ere ez dira erabat gustura egongo, lehen egunekoa motza eta gogorra delako, eta azken egunekoa kronoigoera delako. Kontrol lanerako ibilbide zaila, amaiera gorabeheratsuak, eta faborito zerrenda luzea dauka 2012ko Paris-Niza lasterketak.

Tony Martin (Omega Pharma Quick Step), Andreas Kloeden (RadioShack) eta Bradley Wiggins (Sky). Hiru txirrindulari horiek igo ziren iaz podiumera, 27 kilometroko erlojupekoa baliatuta. Eta aurten ere faboritoen zerrendan ageri dira hirurak, Richie Porte (Sky), Levi Leipheimer (Omega Pharma Quick Step), Denis Mentxov (Katuxa) eta Alejandro Valverderekin (Movistar) batera. Asko luza daiteke zerrenda hori, faboritoen taldeei min egiteko egokia delako ibilbidea. Igor Anton izango da Euskaltel-Euskadiko taldeburua.

9,4 kilometro izango ditu biharko erlojupekoak, eta kilometro eta erdi pasatxoko aldapa gogorra igo beharko dute etapa hastearekin batera. Ez da sortuko alde erabakigarririk, baina lehen igoera horretan indarrak ondo neurtu ezean, nahi baino galera handiagoa pilatuko dute faboritoetako batzuek. Astelehenean esprinterren txanda izango da, eta amaiera arriskutsuak dira Le Lac de Vassivierekoa eta Rodezkoa. Hirugarren mailako aldapatxo batean amaituko dira bi etapa horiek. Kontuan eduki behar da, gainera, gainsariak egongo direla helmugan.

Mende, motza baina gogorra

Igotzaileek gogortasun gehixeago nahiko zuten sailkapenean aurrean ibiltzeko, baina bosgarren etapan egin beharko dituzte egin beharrekoak. Onet de Chateau eta Mende artean, sei mendate igo beharko dituzte; lehen mailako hiru, bigarren mailako bat, eta hirugarren mailako bi. Hiru kilometro pasatxoko igoera laburra da Mendekoa, baina %10,1eko batez bestekoa dauka. Sisteronen eta Nizan amaituko direnak ihesaldietarako edo talde txiki baten arrakastarako dira aproposak.

Izan ere, azkenaurreko etapa horretan, helmugara iristeko ia 55 kilometro faltako direnean igo beharko dute Vence lehen mailako mendatea. Helmugatik urrutiegi dago faboritoen artean zalaparta handirik izateko. Zortzigarren eta azken etapa, berriz, 9,6 kronoigoera izango da, Nizatik Col d'Ezera. %4,7ko batez bestekoa dauka igoera etzan horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.