Europarako azken pausoa

Racingi, Ligako azken sailkatuari, bere zelaian irabaztera derrigortuta dago Osasuna Europako Ligarako sailkatzekoIrabazteaz gain, bi aurkarik huts egitea behar dute gorritxoek xedea lortzeko

Iruñea
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Benetako ordua iritsi da Lehen Mailako taldeentzat. Gaur jakingo dute denek sailkapeneko zein tokitan amaituko duten 2011-2012ko denboraldia. Batzuek tristuraz negar egingo dute, eta beste batzuek, berriz, pozaren eraginez askatu nahi dituzte malkoak. Azken horien artean izatea da Osasunaren asmoa. Sasoi bikaina egin dute nafarrek Jose Luis Mendilibarren aginduetara, eta denboraldiko helburu nagusia, mailari eustea, aspaldi ziurtatu zuten. Halere, ia sasoi osoan sailkapeneko postu gozoenetan izan dira, eta Europarako sailkatzeko aukera hain gertu ikusi eta gero saririk gabe geratzerik ez dute nahi orain. Ligako sei onenen artean sartu eta datorren denboraldian Europako Ligan aritzea posible da oraindik, eta helburu hori lortzeko asmoz eman nahi dituzte denboraldiko azken izerdi tantak.

Datorren denboraldian Bigarren Mailan ariko den baten zelaian jokatuko dute sasoiko azken norgehiagoka nafarrek, Racingen zelaian. Irabaztera derrigortuta daude. Baina, tamalez, Sardineron hiru puntuak eskuratzeak ez du ziurtatzen helburua lortzea. Atletico Madril, Mallorca eta Levante aurretik ditu Osasunak, eta, bere partida irabazteaz gain, hiru talde horietatik bik azken jardunaldian ez irabaztea derrigorrezkoa da Europako Ligarako sailkatzeko. Ez da erraza izango, baina ez da ezinezkoa, eta horretan ahaleginduko dira gorritxoak.

Mallorcak Santiago Bernabeun jokatuko du, Real Madril liderraren aurka. Txapeldun izatea ziurtatuta dauka Jose Mourinhoren taldeak, baina ehun puntuko muga gainditzea, gol marka berria gizentzea eta Cristiano Ronaldo golegile onenaren lehian sartzea nahi du, eta ez da erraza izango Joaquin Caparrosen taldeak irabaztea. Atletico Madrilek ere ez du erronka samurra. Europako Ligako finalean Athletic menderatu ostean, ospakizun ugari izan ditu azken egunetan Diego Simeoneren taldeak, eta datorren sasoian Europako Ligan aritzea ziurtatua dute, baina Txapeldunen Ligan aritzeko aukera txikiren bat badute. Malagak etxean Sportingen aurka kale egin beharko luke Atletico Madrilek laugarren postuan amaitu ahal izateko, eta hori zaila baldin bada, aurrean izango duten aurkariak ere, Vila-realek, ez dizkie lanak erraztuko madrildarrei, jaisteko arriskua erabat saihesteko puntu premia baitauka Miguel Angel Lotinaren taldeak. Madrigalen jokatuko dute, eta partida zaila du Simeoneren taldeak. Osasunaren hiru aurkarietatik Levantek du, ustez, neurketarik errazena. Etxean ariko da, Europako Ligako finala galdu eta arreta guztia Espainiako Kopako finalean jarria duen talde baten aurka, Athleticen aurka.

Partida horietako emaitzei begiratu aurretik, ordea, Osasunak bere lanak egin behar ditu. Galdu ala berdinduz gero, ez du aukerarik izango Europako Ligarako sailkatzeko. Irabazi egin behar du derrigorrean, eta aurrean duen taldeak ohorea besterik ez du izango jokoan, baina Racingek ezer ez du oparituko. Lehen itzuliko azken norgehiagokan atsekabe ederra eragin zuten Racingekoek Sadarren jokatutako norgehiagokan. Eta, harrezkero negargarri aritu baldin badira ere, Osasunari neurria hartua diotela dirudi. Datorren sasoian Bigarren Mailan ariko direla badakite, baina garaipen batekin esan nahiko diote agur Lehen Mailari. Are eta gehiago euren zaleen aurrean jokatuta. Eta Osasunako jokalariek hori saihestu beharra daukate, ametsa bete ahal izateko aukerei eutsi nahi baldin badiete. Etxekoen sufrimenduak eragindako negar malkoak etxetik kanpo ariko direnen poz negarrarekin estaltzea da asmoa. Lortzen ez baldin badute ere, inork ezingo du esan Osasunak sasoi ona egin ez duenik. Ligako aurrekonturik txikienetakoarekin azken jardunaldia arte postu gozoenetan sartzeko borrokan aritzea gauza handia da, are gehiago azken urteetako estutasunak aintzat hartuz gero. Baina, behin hona iritsita, saria nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.