Ez da giro Valentzian. Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak ikusi ditu Bartzelona eta Real Madril gertuen denboraldi osoan, baina hirugarren postua eta bide batez Txapeldunen Ligarako sailkatzea ziurtatu zituela zirudienean kale egiten hasi da Valentzia, eta zaleak haserre ditu hondarribiarrak. Igandean Malagan galdu ostean, puntutan berdinduta daude Valentzia eta Malaga. Eta hirugarren postua ziurtatuta ez izateaz gain, laugarren postua ere arriskuan dago, Levante hiru puntura baitute.
Valentziako zaleentzat hondamendia izango litzateke taldeak Europa Ligan jokatzea Txapeldunen Ligan aritu ordez, eta presio horrekin zelairatuko dira gaur gauean Emeryren jokalariak, porrot batek zaleek modu zatarrean erantzutea eragin dezakeela jakinda. Osasunak, berriz,ez du halako presiorik. Mailari eustea zen garrantzitsuena, eta hori aspaldi lortu zuten. Hargatik, ia sasoi osoan Europako postuetan egon eta gero, Europa Ligarako sailkatzea da helburua orain, eta, hori lortu ahal izateko, benetan garrantzitsua izango litzateke Valentzian ez galtzea. Puntu bakarrera dute seigarren postua gorritxoek, eta irabaztera zelairatuko dira.
Aurrekariek, halere, ez dute baikor izateko arrazoirik ematen. Gutxitan irabazi dute nafarrek Mestallan. Azken aldiz 2003-04ko denboraldian lortu zuten han irabaztea. Eta sasoi honetan etxetik kanpo gutxitan irabazi dute: Espanyolen zelaian lehen itzulian eta Levanteren zelaian bigarren itzulian. Argi dago helburua lortu ahal izateko joera hori aldatu beharra dagoela, batik bat Liga amaiera arte geratzen diren hiru partidetatik bi Nafarroako Erresumatik at jokatuko dituztela aintzat hartuz gero.
Datorren larunbatean Realaren aurkako euskal derbia izango dute gorritxoek Sadarren, eta El Sardineron amaituko dute denboraldia, Racingen aurka. Berdinketek ere ez dute balio handirik orain, eta irabazten ahalegindu beharra dute Jose Luis Mendilibarren jokalariak. Ez da partida erraza izango Osasunarentzat, baina Valentziak ere ez du erraztasunik espero. «Erdipurdika jokatuz gero, ez dugu irabaziko. Mendilibarrek asko estutzen du beti, eta Europa Ligarako sailkatu nahi du Osasunak. Dena eman beharko dugu», adierazizuen Unai Emeryk atzo.
Flaño, ia prest
Entrenatzaile zaldibartarrak atzo ez zuen ezagutzera eman deialdia, bainaazken entrenamenduko albiste ona Sergiok eta Flañok eman zuten, beste taldekideekin batera egin baitzuten partida bezperako entrenamendua. Halere, badirudi Lolok eta Roversiok jarraituko dutela erdiko atzelari lanetan, eta aldaketak zelai erditik aurrera egon daitezke.
Lamahek ez zuen jasotako aukera baliatu El Madrigalen, eta baliteke Cejudo hamaikakora itzultzea gaur, Ibra ezker hegalera bidaliz. Raul Garcia aurrelarien atzetik ariko da, eta haren aurretik Nino eta Lekic dira aukerak.
Europarantz, Mestallatik
Hirugarren postua ziurtatzeko irabazi beharra dauka Valentziak, baina Osasunak ez dio agur esan nahi Europako LigariGorritxoei asko kostatzen zaie etxetik kanpo gailentzea; bi partida irabazi dituzte bakarrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu