Kito. Amaitu da Euskadi-Muriasenak egin du. Euskal Herriko txirrindularitza taldeak gaur jakinarazi du, prentsa ohar baten bidez, datorren denboraldian ez duela jarraituko eta, beraz, amaiera emango diola bost urteko ibilbideari. Euskadi-Muriasek prentsa oharrean dioenez, taldea "euskal txirrindularitza berpizteko helburuarekin" sortu zen. Horretarako, "hasiera-hasieratik kirol eta antolakuntza bikaintasunean oinarritutako harrobi proiektua" garatu nahi izan du, eta taldearen desira eta nahia "euskal neska-mutilei nazioarteko mailarik gorenean lehiatzeko aukera ematea" izan da "beti". Euskadi-Muriasen arabera, "lortutako arrakastak etengabe haztera" behartu ditu, eta beren baliabideekin "hazten jarraitzea ezinezkoa denez", alde batera egitera behartuta daude.
Taldeak "oso balantze ona" egin du bere ibiliaz. "Lortutako kirol emaitzengatik eta taldean sortutako giroarengatik, bai gurekin ibili diren kirolarien eta talde teknikoaren aldetik, ohorezko matrikula jarriko genioke gure ibilbideari. Euskal zein munduko zaleek beti ilusio handiz jaso dute gure taldea, parte hartu dugun edozein herrialdetan, eta bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu. Uste dugu Euskadiren izena munduko errepide guztietara eraman dugula eta ziur gaude euskaldun guztiontzat onuragarria izan dela".
Emaitza gogoangarrien artean, aipatu beharrekoa da aurtengo Espainiako Vueltan Mikel Iturriak lortu duen garaipena. Donapaleu eta Urdazubi arteko etapan nagusitu zen txirrindulari urnietarra, helmugarako 25 kilometroren faltan erasoa jota. Aurreko urtean, itzuli berean etapa garaipena eskuratu zuen Oscar Rodriguezek, Camperonan erakustaldi gogoangarria eginda. Azken denboraldi honetan, taldeak etapa bat irabazi zuen Portugalgo Itzulian, Hector Saezen eskutik.
Eta orain zer?
2020ra begira aldaketa asko egongo euskal tropelean. Euskadi Muriasen desagerpenaren ondoren, Euskadi Fundazioak hartuko du haren lekukoa Kontinental Profesional Mailan —Caja Rural ere maila horretan lehiatzen da—. Orain arte Kontinental mailan ari zen taldeak pauso bat egingo du gora. Orbea etxearen babesari esker emango du pauso hori. Bizikleta etxeak Vital Concept Bretainiako taldea babestu du azken bi urteetan, eta hurrengo urtean etxekoen alde egingo du.
Euskadi Muriaseko txirrindulari eta prestatzaileak libre dira euren etorkizuna negoziatzeko. Asteburuan izan zuten egoeraren berriz, posta elektronikoz. Telefono dei egunak izango dira eurentzat zein euren ordezkarientzat, eta litekeena da asko Fundazioaren proiektu berrian bukatzea.