Datorren abuztuaren 3an, Euskal Herriko lehen Errugbi Kopa jokatuko dute Miarritzek eta Baionak Donostiako Anoeta estadioan (20:00), Euskal Herria Kirola elkarteak antolaturik. Lehen aldiz jokatuko da txapelketa, eta Euskal Herriko errugbiaren festa egitea da helburu nagusia. Uztaritze, Bera Bera, Donostiako Atletiko, Hernani, Gernika, Zarautz, Gaztedi eta La Unicako taldeek txosna bana izango dute Anoeta inguruan, eta festa guztian biltzen den dirua errugbiari bultzada emateko izango da.
Jon Esturo elkarteko bozeramailearen arabera, hasiera batean Euskal Herriko sei talderekin antolatu nahi izan zuten txapelketa, baina egutegiagatik ezinezkoa izan zen. Datorren urterako piramide nagusi bat antolatu nahi dute, non hainbat mailatako talde asko elkarren kontra ariko liratekeen. Aurten, Baiona eta Miarritze aukeratu dituzte finala jokatzeko, talde indartsuenak direlakoan.
Euskal Herria Kirolak txapelketak eta ligak antolatzea du helburu, eta Euskal Herriko txapeldun figura sortu nahi du. Horren harira, elkarlana da gakoa, Esturoren hitzetan: «Elkarlana da bidea, eta senidetasunean Iparralde eta Hegoalde arteko harremanetarako errugbia da kirol nagusia».
Euskal Herriko I. Errugbi Kopa festa izatea nahi dute
Miarritzek eta Baionak neurtuko dituzte indarrak Donostiako Anoeta estadioan, abuztuaren 3an (20:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu