Pro-Tour Liga Euskal Herrira itzuli da. Bigarren hitzordua abuztuan izango da, Donostiako Klasikoarekin. Lehenengoa bihar, Zarautzen: Euskal Herriko Itzuliko 45. ekitaldia. Pro-Tour gabe ere egutegiko lasterketa erakargarrienetakoa zen, ligarekin are gehiago. Aurreko ekitaldietan, munduko txirrindulari talde onenak bertaratu dira, eta aurten ere bai: 23 orotara. Pro-Tour Ligako 20 taldeak eta Kontinental mailako hiru: Kaiku, Comunitat Valenciana eta Relax.
Estimazio handia du euskal txirrindularitzak atzerrian. Zaletasuna handia da gurean, eta txirrindulariek inon ez bezalako animoak jasotzen dituzte errepidean, mendateetan gora batez ere. Euskal Herriko Itzuliko garaipenak sona handia du, garaipena oso zaila izaten baita hainbeste faborito indartsu egonda. Pro-Tour Liga hasi berriak puntu asko banatuko die sariren bat lortzen dutenei, eta horrek ere handituko du lehiakortasuna.Itzuli laburrak segundo gutxi batzuen bueltan erabakitzen dira, eta Euskal Herrikoa ere bai. Ostiral arratsaldean, azken txirrindulariak Oñatiko erlojupekoa bukatutakoan jakingo da sailkapen nagusia nork irabaziko duen. Azken 10 urteetan bitan bakarrik erabaki da itzulia ostiraleko erlojupekoa baino lehenago, ihesaldi batean lortutako errentari esker. Iñigo Cuesta espainiarrak irabazi zuen itzulia (ONCE) 1998an, eta Aitor Osa itziartarrak 2002an. Besteetan erlojua izan da epailea.
Lejana, Arantzazu eta Oñatiko erlojupekoa
744,3 kilometro ditu 45. ekitaldiak, sei etapatan banatuta. Asteazkeneko eta osteguneko etapak esprintarekin bukatuko dira, itxuraz (Gasteizen eta Altsasun bukatuko dira, hurrenez hurren), baina beste laurak ez. Ez talde handi baten esprintean. Lehenengo etapak Flandesko Tourra du giltzarri. Han ibilitako asko neka-neka eginda iristen dira Euskal Herrira, gauean edo goizaldean, eta horien artean proba irabazteko faboritoren bat badago, beste faboritoek, edo haien taldeak, gogortu egingo dute lehen etapa, eta baten batek itzulia gal dezake. Normalean, faborito gehienek batera helmugaratu behar lukete Zarautzen, baina Garate nahiko gaiztoa da Getariatik. Gainetik zazpi kilometro daude helmugara, denak beherantz, baina azken bostak pedalei eragin beharrekoak.
Lejanako bukaera osogogorra da, eta aurreko mendateak ere bai. Arboledan hasi eta helmugaraino, azken 50 kilometroak atsedenik gabekoak dira. Azken kilometroan %17ko pendizadago. Gasteizen eta Altsasun zaila da ezusteren bat gertatzea, baina 2002an gertatu zen. Bingen Fernandezek eta Aitor Osak ihes egin eta Osak itzulia erabaki zuen.Oñatik du itzuliko giltza. Bi etapetan, baina batez ere arratsaldeko erlojupekoan. Goizekoa etapa urduria izango da, laburra oso, 93 kilometrokoa, baina arriskutsua. Aztiria eta Asentzio tenteak igoko ditu tropelak, Oñatira heldu eta Arantzazuko santutegiko igoerari ekin aurretik. Arantzazuk ez du onenen taldea zeharo hautsiko. Hasierako bost kilometroak gogorrak dira, baina azken bostak, nahiko etzanak. Ez da alde handi-handirik egiteko moduko mendatea.Arratsaldeko erlojupekoak 9,3 kilometro ditu. Herriko kaleetan barrena egiten du bidea, ez du bihurgune gaizto askorik, baina Olalde auzoko aldapak erabakiko du. Estua da, eta hezea. 700 metro ditu, batez bestekoa % 12koa, eta aldapa bukatzeko gutxi falta dela, %17ko portzentajeko bihurgune itxia. Jaitsiera ere zitala da, segundo batzuk irabazteko modukoa. 10 kilometro baino gutxiago izan arren, 20-30 segundoko errenta irabaz daiteke erlojupekoan.
Txirrindulariak baino gehiago, talde indarra
Txirrindulari on asko, eta batez ere talde indartsu asko elkartuko dira. CSC, Rabobank, Liberty eta Illes Balears taldeek lortu duzte garaipen gehien, eta haiei begiratu behar. CSC Bobby Julich, Ivan Basso eta Jens Voigtekin dator. Rabobank, Denis Mentxov eta Michael Boogerdekin. Illes Balears, berriz, proba irabazteko faborito batekin, Alejandro Valverderekin, eta Osa anaiekin. Aitorrek maila ona erakutsi du Paris-Nizan, eta bere sasoi puntu onenetik gertu dago. Libertyk ere talde aparta ekarriko du: Alberto Contador, Jorg Jacksche, Koldo Gil, Roberto Heras, David EtxebarriaÉ Denak itzulia irabazteko hautagaiak.
Zerrenda luzea da: Vinokourov ondo aritu da Paris-Nizan, Rebellinek sasoia findu nahiko du klasikoetarako. Cunego, Garzelli eta Pellizotti italiarrek Giroa dute jomugan, baita Juanma Garatek eta Patxi Vilak ere.Eta etxekoak zer? Euskaltel-Euskadi gaizki, oso eskas ari da. Aitzakiak mila eman dituzte kirol arduradunek, baina, egia esan, neurri txukuna eman beste erremediorik ez dute laranja kolorekoek. Etapa garaipenen bat da gutxienekoa, eta lasterketa irabaztea erronka. Zaila, dena den. Haimar Zubeldiarentzat ibilbidea ez da aproposa, eta Samuel Sanchez eta Iban Mayo ez daude betean. Egoi Martinez izan daiteke taldeko burua. Kaiku ere abiapuntuan izango da. Dioni Galparsororekin nagusiko lehen hamarren artean postu bat lortzeko asmoa dute, eta, bestelakoan, ihesaldietan egoskor saiatu, atsedenik gabe.
EUSKAL HERRIKO ITZULIA. Denek nahi, askok jai
Bihar hasiko da Itzulia, Zarautzen, eta ostiralean amaituko, Oñatin. Orekatua da ibilbidea, baina erlojupekoak igoerak baino erabakigarriagoak izan daitezke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu