Denis Mentxov
Rabobank
Jaioterria: Orel (Errusia). Adina: 27 urte. Debuta: 1998. Garaipenak 2005ean: Bat ere ez, oraindik. Lorpenak Euskal Herriko Itzulian: Iaz jokatutakoa irabazi zuen, eta laugarren etapa ere bai.
Bere ahotik entzun dugu ez dagoela bete-betean. Jarduneko garailea da, eta errespetua zor zaio horregatik, baina Frantziako Tourra da bere helburua eta zaila da aurre-aurrean ikustea. Nazioarteko Criteriumean sasoia fintzen ari dela ikusi zen, baina zaila izango da iazko garaipena errepikatzea.
Alejandro Valverde
Illes Balears
Jaioterria: Puerto Lumbreras (Murtzia, Espainia). Adina: 25 urte.
Debuta: 2002. Garaipenak 2005ean: Mallorcako Itzulia eta bi etapa. Paris-Nizako etapa bat. Lorpenak Euskal Herriko Itzulian: Etapa bat 2004an eta beste bat 2003an.
Oñatiko erlojupekoak kalte handia egin diezaioke, baina Olaldeko aldapan ordekan gal dezakeen denbora ere irabaz dezake.Lejanako eta Arantzazuko gainetan irabazteko hautagaia da, baita Zarauzko etapako esprintean ere. Talentu handikoa da.
Alexandr Vinokourov
T-Mobile
Jaioterria: Petropavlosk (Kazakhstan). Adina: 32 urte.
Debuta: 1997. Garaipenak 2005ean: Bat ere ez, oraindik. Lorpenak Euskal Herriko Itzulian: Hirutan parte hartu du, baina ez du ezer irabazi.
Oso txirrindulari ona. Indartsua oso aldapa piko baina laburretan, astun samarra bada ere. Ordokizale petoa, alde du Oñatiko erlojupekoa. Ihesaldietan sartzen ere iaioa da. Paris-Nizan erakutsi zuen indartsu dagoela. Bere kasa aritu beharko du aurkarien aurka jo eta su. T-Mobile ez da taldeko txirrindulari onenekin etorriko Euskal Herrira.
Bobby Julich
CSC
Jaioterria: Corpus Christi (AEB). Adina: 33 urte. Debuta: 1998. Garaipenak 2005ean: Paris-Niza eta Nazioarteko Criteriuma (etapa bat ere bai). Lorpenak Euskal Herriko Itzulian: Ez du deus egin orain arte.
Iaz hasi zen Bobby Julichen gorakada. Lazkaoko erlojupekoa irabazi zuen eta Oñatikoa ere irabaz dezake. Txirrindulari osoa, gainetan ahalik eta segundo gutxien galtzen saiatuo da, erlojupekoan aurkariak txikitzeko. Itzuliko talde indartsuenaren babesa izango du. Inork ez dio itzalik egin CSC taldeari.
Alberto Contador
Liberty
Jaioterria: Madril (Espainia). Adina: 23 urte. Debuta: 2003an.
Garaipenak 2005ean: Kataluniako Setmana. Lorpenak Euskal Herriko Itzulian: Aurten parte hartuko du lehenengo aldiz.
Askok loreak bota eta bota ari dira haren jardunarekin txora-txora eginda. Gazte-gazte zela erakutsi zuen bere maila eta espero zen neurria ematen ari da, arazoak arazo. Askorentzat, berea da etorkizuna. Igotzaile aparta, garapen arin-arinak eraman zalea, erlojupekoetan ere txukun moldatzen da, beste igotzaileen aldean. Taldekide indartsuak ditu.
Cunego, Giroa prestatzen
Damiano Cunego iazko Giroko irabazlea Finestra igotzen aritu da asteon, Gilberto Simoni eta Marco Marzano taldekideekin. Giroa buru-belarri ari da prestatzen, eta Euskal Herriko Itzulira lana serio egitera datorrela dio. Txirrindulari indartsu asko daudela dio, eta bera oraindik ez dagoela bete-betean, baina ez du esan irabazten saiatzeko asmorik ez duenik.
Kaiku, aukera bila
Oskar Gerrero Kaikuko zuzendariak ihesaldietan sartzen saiatuko direla dio: «Altsasu eta Gasteizko etapetan aukera onak izan ditzakegu, ez baitugu kontrolatzen aritzeko ardurarik izango». Dioni Galparsoro lehen hamarretan sartzea ere nahiko luke.
Zubeldia adi Garaten
Denera zazpi lasterketa egun daramatza, baina beste urte batzuetan baino hobeto dagoela dio. Lehen etapa oso arriskutsua izango dela uste du, eta Garaten gora azti ibili beharko duela jendeak, atzean geratzea oso erraza izango baita. «Dena dela, igoera gogorrena Arantzazukoa izango da», azaldu du. Errepidea ez ezik, eguraldia ere erabakigarria izango dela uste du.
Osa, Valverderekin
Aitor Osa ondo ibili izan da proba honetan, eta orain dela hiru urte irabazi ere egin zuen. Aurten, baina, Alejandro Valverderentzat lan egin beharko du: «Aurten ez dut mugitzeko aukera handirik izango, eta egunean egunekoa ikusita hartu beharko dira erabakiak». Sasoi aldetik ez duela aitzakiarik dio.
Bukatzea falta
Joxean Fernandez Matxin Saunier Duvaleko zuzendariak garaipen bat lortu nahi du lehenbailehen: «Taldea ondo dago, baina bukatzea falta zaigu. Irabazteko grinaz gaude, eta luze baino lehen garaipen bat eskuratzea garrantzitsua izango da».