txirrindularitza

Euskal Herriko Itzuliaren atarikoa gaur, Lizarran

12:50ean abiatu dira Miguel Indurain sarian parte hartzen ari diren txirrindulariak, eta 179,3 kilometroko ibilbide gorabeheratsuaren ondoren, 17:30 aldera iritsiko dira Puyko santutegira.

2013ko martxoaren 30a
17:36
Entzun

Txirrindularitzari dagokionez, astelehenean hasiko da Euskal Herriko asterik garrantzitsuena, Euskal Herriko Itzulia, baina, urteroko moduan, atariko lanak egingo ditu Miguel Indurain sariak, gaur. 12:50ean abiatu dira txirrindulariak Lizarratik, eta 179,3 kilometroko ibilbide gorabeheratsuaren ondoren, 17:30 aldera iritsiko dira Puyko santutegira.

Begiratu batera, hiru talde saiatuko dira proba kontrolatzen: Movistar (Alejandro Valverde, Nairo Quintana, Rui Costa eta Beñat Intxausti), Euskaltel-Euskadi (Ion eta Gorka Izagirre, Igor Anton eta Mikel Nieve), eta Saxo-Tinkoff. Dena den, multzo indartsuarekin joango dira, besteren artean, Garmin (Daniel Martin, Ryder Hesjedal eta Andrew Talansky), Katuxa (Aleksandr Kolobnev eta Simon Spilak) eta Cannondale ere (Jose Sarmiento).

Kataluniako Voltan eta Nazioarteko Kriteriumean lehiatu ondoren, eta Euskal Herriko Itzulia hasi aurretik, min egiten du beti Miguel Indurain sariak. Ibilbideak ez dauka kilometro asko ordekan, eta azken ehun kilometroak dira bereziki gogorrak. Arradia (2. mailakoa), Eraul (2), Girgillao (1), Lezaun (2) eta Eraul (2) mendateak igo beharko dituzte Puyko santutegiko (3) azken aldapa gogorrei ekin aurretik. Dani Morenok (Katuxa) irabazi zuen iaz proba, Mikel Landaren (Euskaltel-Euskadi) aurretik. Orain bi urte Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) nagusitu zen, eta 2010ean Joaquim Rodriguez (Katuxa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.