Galarreta enpresak hil amaieran bere jarduna bertan behera utziko zuela iragarri zuenetik, esamesa dezente sortu dira erremontearen etorkizunaren inguruan. Euskal Jai Berri fundazioak atzo jakinarazi zuenez, erremontearen kudeaketa bere gain hartuko duen edozein enpresa laguntzeko prest dago. Horretarako interesa duenari gomendatu dio ez mugatzeko jaialdiak Galarretara etaEuskalera, eta erremontea pilotaleku txikiagoetara hedatzeko. «Edozein kirolek, eta bereziki erremontearen moduko minoritario batek, egonkortzeko beharrezkoa du ahal den pilotaleku gehienetara hedatzea».
Fundazioak gogorarazi du 2005ean sortu zenetik bere helburuetako bat «erremontearen ezagutza ahal den herri gehienetara hedatzea» izan dela. «Nafarroan argi gelditu da ekimen interesgarria eta egonkortutakoa dela, eta Gipuzkoan ere erantzun ona izan du». Nafarroako Gobernuak, fundazioaren babesle nagusiak, eta «inguruko bertze lurraldeen erakundeek» Euskal Jai Berriren ikuspegiarekin bat egiten dutela azpimarratu du erakundeak.
Horiek hala, erremontean sar daitekeen egitasmo pribatu berriak asmo horiek bere egin beharko ditu Euskal Jai Berriren babesa lortzeko. «Gure fundazioaren eta berau babesten duten erakundeen laguntza nahi badu, etorkizunerako kirol proiektu batean murgiltzeko prest egon behar du». Euskal Telebistari ere dei egin dio Euskal Jai Berrik, «prozesu honen konponbidean» parte har dezan.
Bertzalde, Galarretaren kudeaketa eskuratzeko Maxi Samper enpresari nafarrak egindako eskaintza ez zuten onartu oraingo arduradunek. Hala ere, negoziatzen jarraitzeko prest agertu dira.
Euskal Jai Berrik erremontea kudeatuko duen edozein enpresa lagunduko du
Fundazioak jaialdiak Galarretatik eta Euskaletik pilotaleku txikiagoetara hedatzea gomendatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu