Paralinpiar Jokoak

Euskal kirolariek hiru domina lortu dituzte

Dorian Foulounek urrea kolkoratu du pistako jazarpen proban; Alexandre Leautek, zilarra, 1.000 metroko erlojupekoan; eta Iñigo Llopis igerilariak, zilarra, bizkar estiloko 100 metrokoan

Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 27a
10:29
Entzun

Euskal kirolariek hiru domina lortu dituzte gaur Tokion egiten ari diren Paralinpiar Jokoetan. Dorian Foulounek urrea kolkoratu du pistako jazarpen proban; Alexandre Leautek, zilarra, 1.000 metroko erlojupekoan; eta Iñigo Llopis igerilariak, zilarra, bizkar estiloko 100 metrokoan.

Fouloun Frantziako selekzioko txirrindularia azkarrena izan da C5 diziplinako 4.000 metroko bakarkako jazarpenean, Alistair Donohoe australiarra lau segundora utziz. 23 urte ditu Foulonek, eta aurrenekoz parte hartzen ari da Paralinpiar Jokoetan.

Horretaz gain, finalean 4:20.757ko denbora egin badu ere, sailkapen lasterketan munduko marka berria ezarri du: 4:18.274. Baionako Urt Velo 64 taldeko txirrindulariak badaki zer den irabaztea, eta hala, 2020an pistako Munduko Txapelketa irabazi zuen Miltonen (Kanada).

Leauate, atzo, podiumean. EFE

Leaute uzta oparoa biltzen ari da Tokion jokatzen ari diren Paralinpiar Jokoetan. Atzo urrezko domina irabazi zuen C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan, eta gaur zilarrezko domina kolkoratu du Ahurtin (Lapurdi) bizi den Frantziako selekzioko pistardak. Gaurko proban Li Zhangyuk (Txina) irabazi du urrea, eta Jaco van Gassek (Erresuma Batua) brontzea.

20 urte ditu Leautek, eta aurrenekoz parte hartzen ari dira Paralinpiar Jokoetan. Baionako Urt Velo 64 taldeko kidea da. Munduko paralinpiar txirrindulari entzutetsuenetako bat da Leaute, eta esan daiteke gaur aurreikuspenak betetzen ari dela Tokion. Gainera, errepidean ere puntako txirrindularia da. 2019an errepideko Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta aurten, joan den ekainean, gauza bera egin zuen Cascaisen (Portugal). Erlojupekoan ere nagusitu zen aurtengo aldian.

Bihar ere lehiatuko dira Baionako Urt Velo 64 taldeko bi txirrindulariak: C1-5 diziplinako 750 metroko taldekako esprintean, goizaldean, 3:32an.

Rion lortu ez zuena lortuz

Rioko Jokoetan (2016) lortu ez zuena eskuratu du Tokioko Paralinpiar Jokoetan: zilarrezko domina. Lehen sailkatua Robert Griswold estatubatuarra izan da, eta munduko marka ezarri du: 1.02.55. Espainiako selekzioko igerilaria lau segundo geroago ailegatu da, 1.06.82ko denbora eginez. Hirugarren sailkatua Liu Fengqi txinatarra izan da.

Llopis, gaur, Tokion. BERRIA

Ez da kasualitatea izan Llopisek proba horretan medaila eskuratzea. Izan ere, bizkar estiloko 100 metrokoan trebatzen aritu da, eta horren erakusle da Espainiako errekorra ezarri zuela Mallorcan (Espainia), bizkar estiloko 100 metrokoan. Hain justu, ezarritako marka horrekin Tokioko Jokoetara joateko txartela lortu zuen.

Gaur ez ezik, abuztuaren 31n ere lehiatuko da S8 mailako estilo libreko 400 metrokoan; sailkapeneko proba izango da.

Paralinpiar Jokoak abuztuaren 24an hasi ziren, eta irailaren 5era arte izango dira. Guztira hogei euskal kirolari lehiatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.