Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du, hilaren 29an

Bi selekzio horiek elkarren aurka aritu ziren 2007an, Venezuelan, eta 3-4 irabazi zuen Euskadik

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Futbol Selekzioak Venezuela izango du aurkari hilaren 29an, San Mamesen. Rafael Esquivel Venezuelako Futbol Federazioko presidenteak jakinarazi zuen herenegun Hego Amerikako selekzioa hilaren 27an iritsiko dela Euskal Herrira eta bi egun geroago jokatuko duela Bilbon.

Euskal Selekzioa eta Venezuelak elkarren aurka jokatuko duten bigarren aldia izango da. Bi selekziok elkarren aurka aritu ziren 2007ko ekainaren 20an, San Cristobalen (Venezuela), eta Euskal Selekzioak 3-4 irabazi zuen. Adurizek, Gabilondok eta Etxeberriak (bi) sartu zituzten bisitarien golak, eta Torrealbak eta Arangok (bi) etxekoen golak. Mikel Etxarri eta Jose Angel Iribar hautatzaileek honako hamaikakoa zelairatu zuten: Iraizoz, Mikel Gonzalez, Labaka, Del Horno, Garitano, Aranburu, Etxeberria, Aitor Tornavaca eta Aduriz. Garridok, Muñozek, Iraolak, Mikel Alonsok, Fernando Llorentek, Amorebietak eta Unai Albak ere jokatu zuten.

Partida berezia izan zen, 69 urte baitziren Euskal Selekzioak ez zuela Euskal Herritik kanpo jokatu. Norgehiagoka horretan ere ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena ere izan zen presente. Hala, jokalariak Nazio bat gara, ofizialtasuna! zioen pankarta batekin zelairatu ziren.

Behin aurkariaren eta partidaren data zehaztuta, Euskadiko Federazioak partidaren aurkezpena egin behar du orain. Egun horretan ere jakingo da ziurrenik jokalarien deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.