FUTBOLA

Euskal taldeak, pizgarri askorik gabe

Athleticek ziurtatu egin du berriz ere Europan jokatzea, eta Realak eta Eibarrek mailari eutsi diote jada. 

Ernesto Valverde. EFE
2016ko apirilaren 25a
13:04
Entzun

Hiru jardunaldi falta dira Espainiako Lehen Mailako sasoia amaitzeko, eta bertan ari diren hiru euskal taldeek egin dituzte egin beharreko ia guztiak. Athleticek ziurtatua du jada hirugarren urtez jarraian Europako lehiaketa bat jokatzea. Ezusterik ezean, Europa liga izango da. Izan ere, ia ezinezkoa du Txapeldunen Ligarako sailkatzea, sei puntura baitu laugarren sailkatua, Vila-real, eta hark baino gol-alde okerragoa du. Sailkapenean ahal den goian geratzea, horra helburu nagusia azken txanpa honetarako. Alde handia dago bosgarren izan, zuzenean ligaxkara pasa eta irailera arte lehiaketarekin ahaztu edo atzerago sailkatu eta uztail amaieran jada atarikoak jokatzen egotearekin. Ez da helburu oso tentagarria, baina bai garrantzitsua datorren sasoiari begira, makina bat neurketa jokatu eta sasoia amaigabea egin ez dadin.

Realak eta Eibarrek, berriz, ezer gutxi dute jokoan. Txuri-urdinek aurreko jardunaldian ziurtatu zuten matematikoki beste urtetebez onenekin aritzea. Eibartarrek, berriz, asteburu honetan eutsi diote matematikoki mailari. Biek ala biek ahal den goien amaitu nahi dute denboraldia, telebista eskubideengatik jasoko duten dirua sailkapenaren arabera egingo baita, hots, zenbat eta gorago sailkatu, orduan eta diru gehiago jasoko dute.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.