Euskal ukitu ederrarekin

Erresuma Batuko Sari Nagusia jokatuko da bihar, eta 250 cc-ko proban ariko da Efren Vazquez bilbotarra

unai zubeldia
2007ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Urrun dago 1996. urtea, eta urrun Herri Torrontegik Munduko Txapelketan lortu zituen bi garaipenak. Ondo gogoan dauzka Brno eta Xerezko sari nagusiak, bere bi garaipen handiak, baina ondo gogoan edukiko du etziko proba ere. Efren Vazquez bilbotarrarekin batera euskal motoziklismoa berriz ere gora begira jartzeko asmo irmoarekin hasi du aurten Torrontegik bere proiektua, eta uste baino lehen iritsi zaio lehen aukera. Efren Vazquezek Erresuma Batuko Sari Nagusian parte hartuko du, Aprilia motoarekin. Rossi, Pedrosa, Stoner, Lorenzo, Talmacsi... Horien guztien artean lau haizetara zabalduko ditu Vazquezek ikurrinaren kolore zuri, gorri eta berdea.

Lasterketa amaitu beste helbururik ez dauka. Ikasi, sendotu eta poliki-poliki aurrera egin. Urrutitik begiratu beharko dio 250 cc-ko proban Jorge Lorenzok daukan nagusitasunari, baina Donington Parkekoa oso zirkuitu erakargarria da debuta egiteko. Torrontegik 12 urtez egin zuen ezagun Euskal Herria motoziklismoaren munduan, eta Efren Vazquezek maisuaren maila bera eskuratu nahiko du. Orain gutxi ametsa zena, ia ezinezkoa zena, bertatik bertara ezagutuko du bilbotarrak.

Eta gainerakoei begira egoteko denbora askorik edukiko ez duen arren, gertu-gertutik ikusi ahal izango du Stoner-Rossi-Pedrosa hirukoaren lehia. Sendo, oso sendo ari da Stoner gaztea, eta txapelketa erdi parera iristen ari bada ere, oraingoz presioarekin ez da beldurtu. Sailkapen buruan dago, Rossi 14 puntura dago eta Pedrosa 42ra. Australiako gaztearen ezustekotik, txapelketa irabazteko bi faboritoetako bat izatera igaro da australiarra denbora gutxian.



STONERREK, ZAZPITIK LAU. Orain 15 egun, Kataluniako Sari Nagusian izan zuten azken lehia. Oso estua hura ere. Baina, denboraldi honetan laugarrenez, Stonerrentzat izan zen garaipena. Orain arteko zazpi probatatik lau irabazi ditu, eta bihar emaitza ona lortuta, arerioak amore ematen hasteko moduan izango lirateke. Rossik berak onartu du Doningtonen Stonerrekin eta Pedrosarekin izango duen lehia «oso estua eta gogorra» izango dela. Londresen bizi da Rossi, eta, beraz, etxean bezala sentituko da bertan. Iaz Pedrosak aurrea hartu zion, baina 2004an eta 2005ean bera izan zen nagusi.

125 cc-ko proba, berriz, ero-ero doa. Orain Faubel, gero Talmacsi, ondoren Pesek... 21 punturen barruan daude hirurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.