Txirrindularitza

Euskaltel: "Etsita gaude negoziazioak nola amaitu diren ikusita"

Hiru asteko hartu-emanaren ondoren, hautsi egin da Euskaltelen eta Fernando Alonsoren taldearen arteko harremana. Taldeko 54 langileen etorkizuna dago hausturaren atzean.

Txirrindulariak, Baionako aireportuan, Tourrera joan aitzin. B. EDME
unai zubeldia
2013ko irailaren 23a
16:57
Entzun

Baiezkoa zirudiena ezezko bihurtu da. Euskaltelek berak adierazi berri du, ohar bidez. "Etsita gaude negoziazioak nola amaitu diren ikusita". Abuztuaren 31n akordiorako oinarria lortu zuten Euskaltel enpresak eta Fernando Alonso 1 Formulako pilotu espainiarrak, azken horrek Basque Pro Cycling Team elkarteak beste hiru urterako daukan World Tourreko lizentzia erosteko. Alonso prest zegoen datorren urterako kontratua zeukaten hamalau txirrindularien kontratuak errespetatzeko, baina gainerako 54 langileen egoerak sortu du eztabaida. Bi aldeek hor jarri dute marra: datorren urterako akordioa daukaten hamalau txirrindulariak soilik nahi ditu Alonsoren taldeak bere egiturarako, eta txirrindulari horiez gain, mekanikariak, zuzendariak, medikuak, masajistak, autoak, autobusak, Orbea eta BioRacer enpresekin dauzkaten akordioak... talde osoaren kontratuak errespetatzea nahi du Euskaltel-Euskadik.

Euskaltelen arabera, "tristea" da albistea. "Akordiorako oinarriak itxaropena sortu zuelako. Bide orri bat zehaztu genuen akordiorako oinarrian, baina, ahaleginak egin arren, ezinezkoa izan da gauzatzea". Atzerabiderik gabe, "tamalez", proiektua "modu ordenatu eta arduratsuan" ixteko lanari ekingo dio enpresak. Hausturaren albistea behin betikoa balitz, Euskaltelek bere gain hartu beharko lituzke hamalau txirrindulari horien kontratuak eta gainerako loturak, eta diru kopuru ikaragarria litzateke hori txirrindulari taldea mantenduko ez lukeen enpresarentzat. Euskaltel-Euskadiri lizentzia erosi gabe bere kasa taldea osatzea ere pentsatu du tarte honetan Alonsoren taldeak, baina Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) argi azaldu dio lizentziarik ezean —kasu horretan World Tourrean ez— Kontinental mailan ekin beharko liokeela bideari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.