Markel Irizar, Beñat Intxausti, David Lopez, Jonathan Castroviejo, Haimar Zubeldia, Iker Camaño eta Koldo Fernandez de Larrea Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohiek taldeak hartutako norabide berriari kritika egin diote gaur, idatzi baten bidez.
Euskaltel-Euskadik, World Tourrean jarraitzeko eta, ondorioz, Frantziako itzulian-eta parte hartzeko, bere ziklisten ahal den puntu gehien behar ditu, eta politika aldatzea erabaki du. Kasu, txirrindulari moduan etxean egin gabeko atzerritarrak fitxatzen hasiko da.
Zubeldiari-eta ez zaie bide hori egokia iruditzen. "IGGk [Igor Gonzalez de Galdeanok] jarritako aitzakia proiektu honen balioen aurkako kolpea da". Taldeak Amets Txurrukari eta Ivan Velascori kontratua ez berritzea "bereziki tamalgarria" dela deritzote, biek taldeko lan handia egiten dutela azpimarratu baitute.
Miguel Madariagak taldearen hasieratik egindako lana goretsi dute, bide batez.