«Euskaltelek aintzat hartu beharko du Mayo merkatuko erosketa onenetakoa dela»

ANDONI URBISTONDO- PAUE
2003ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Mayok eskaintza asko eta onak dituela dio Sabino Angoitiak, baina Euskaltel-Euskadin geratu nahi duela, «hori bai, merezi duena kobratuz». Egoera orain aste batzuetako bera da, berrikuntzarik ez dago, baina Donostiako Klasikorako kontua argituko dela uste du managerrak

Sabino Angoitia Lescar herriko hotel batean dago. Tourra jarraitzen, eta Iban Mayoren ordezkaria den heinean, harreman estuan dago Igorrekoarekin lan kontratuaren inguruan. Berak daki gehien kontu horren inguruan, eta argi mintzatzen da, beldurrik gabe.

Iban Mayoren kontratuaren inguruan badago azken orduko berririk?

Ez dago berrikuntzarik. Orain aste batzuetakoa da egoera. Hiru eskaintza on ditu Iban Mayok, atzerriko taldeak hirurak, eta Euskaltel-Euskadi taldearen eskaintzaren zain jarraitzen dugu.

Mayok bere lehentasuna Euskaltel-Euskadin jarraitzea dela esan zuen. Haien eskaintza entzun arte ez da berririk izango, beraz.

Ez, ziurrenik ez, Iban Mayok aspaldi esana duelako Euskaltel-Euskadi taldean geratu nahi duela. Kirol mailan proiektu horrek erakartzen du gehien, eta eskaintzaren zain dago. Beste taldeen eskaintzak hor daude, baina eskaintza horiek egin dituztenek badakite Mayok zein eskaintza aztertuko duen aurrena.

Kopuru asko agertu dira prentsan. Iban Mayo Euskaltel-Euskadin geratuko litzateke beste taldeek diru gehiago eskaini arren?

Orain ere diru gutxiago? Ez, ez, hori ez da posible. Orain bi urte ere, Iban Mayok kirol arloa lehenetsi eta taldean geratzea hobetsi zuen, trukean eskaintza ekonomiko hobeak baztertuta. Orain, beste behin hori gertatzea zaila da. Kirol arloaz gain ekonomikoa ere oso garrantzitsua da.

Euskaltel-Euskadik beste taldeen eskaintza ekonomikoa berdinduko duela uste duzu?

Ez dakit, baina aintzat hartu behar dute Iban Mayo dela egun merkatuko erosketa onenetakoa, talde askok fitxatu nahi duten txirrindularia, eta hori ere bere neurrian baloratzen jakin behar da. Saeco, Rabobank eta Quick Step taldeetako arduradunek ere zerbait badakite txirrindularitzari buruz, eta egin dituzten eskaintza ekonomikoak egin badituzte, zerbaitegatik izango da.

Iritzirik bai Euskaltel-Euskadi taldearen jarreraz?

Ez da kea saldu behar. Ez da posible ahalegina txirrindulariak bakarrik egitea beti, taldeko arduradunek ere egin beharko dute noizbait. Iaz Mayoren kontratua 2004 urtea arte luzatzen saiatu ginen, hobekuntza ekonomiko batekin, baina ezezkoa jaso genuen.

Dirua kontu bat da, baina Iban Mayori bere gustuko txirrindulariak berarekin batera edukitzeko aukera ere eskaini omen diote. Hala da?

Hori taldeburu guztiekin gertatzen da. Zu taldeburua bazara, zure konfiantza duten bi edo hiru txirrindulari alboan edukitzen saiatuko zara. Garaipenak inoiz ez dira bakarrik lortzen, konfiantzazko lagunak ondoan badituzu, ezin hobeto.

Euskaltel-Euskadin geratuz gero, ez da taldeburu bakarra izango, litekeena da konfiantzazko lagunak aukeratzeko askatasunik ez izatea.

Baina eska daitezkeen txirrindulari horiek ez dira muga bat izango, jo dezagun, Haimar Zubeldiarentzat; Mayorentzat ona dena Zubeldiarentzat ere izango delako.

Tourra bukatu aitzin jakingo al dugu Mayok Euskaltel-Euskadin jarraituko duen ala ez?

Ez dut uste. Euskaltel-Euskadiren eskaintza jasotzean egun batzuk hartu beharko ditu Ibanek ondo hausnartzeko. Donostiako Klasikoaren ingururako korapiloa askatuko dela uste dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.