Euskalteleko zazpi ziklista ohik deitoratu egin dute taldeak hartutako bidea

Haimar Zubeldia, Irizar, Intxausti, David Lopez, Castroviejo, Camaño eta Fernandez de Larrea dira sinatzaileak

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Markel Irizar, Beñat Intxausti, David Lopez, Jonathan Castroviejo, Haimar Zubeldia, Iker Camaño eta Koldo Fernandez de Larrea. Guztiak Euskaltel-Euskadin aritu dira kirol ibilbideko uneren batean. Horregatik, jakinaren gainean hitz egiten dutelako atera dute agiria, «pena handia» ematen dielako «kudeaketa talde berriaren eskuetan dagoenetik proiektuak hartu duen bideak».

Euskaltelek Amets Txurrukari eta Iban Belaskori kontratua berritu ez izana erabakigarria izan da agiria ateratzeko. «Amets oso taldekide estimatua da, eta ikurra zaleentzat, bere laguntasun, ahalegin eta ausardiagatik. Belaskori, berriz, inoiz ez dio axola izan barruan duen guztia besteen alde ematea eta hori eginez bere emaitza propioak alde batean uztea, taldeko buruek agintzen zioten bezala. Horregatik, uste dugu bi txirrindulari horiei kontratua ez berritzeko Igor Gonzalez de Galdeanok aipatutako aitzakia [punturik ez dutela eta ez dutela izan garapenik] kolpe makurra dela Miguel Madariaga buru egon denetik proiektu honek beti izan dituen balio eta espirituarentzat».

Sinatzaileek abisua garaiz iristea espero dute: «Ulertzen ez dugun proiektu berri honek bidea zuzendu dezan eta paradoxa hau bete ez dadin: emaitza onak dituzten txirrindulariak kanpoko taldeetan aritzea eta kanpoko txirrindulariak izatea euskal talde bati eutsiko diotenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.