Hainbat ekitalditako zuzendariei gutunak igorri zizkion Euskaltzaindiak, antolatzen ari diren jaialdi horietan euskarari "dagokion tokia" emateko eskatzeko, eta haien artean zeuden Frantziako Tourreko antolatzaileak. Euskaltzaindiak gaur jakinarazi duenez, Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiak erantzun die baietz, euskarak lekua izango duela uztailaren 28an Senpere eta Ezpeleta lotuko dituen etapan. Batetik, seinaleak frantsesez ez ezik euskaraz ere egingo dituztela esan diote, eta ele bitan arituko direla mintzalari ofizialak ere.
Erabaki hori Ipar Euskal Herriko erakundeekin eta Senpereko zein Ezpeletako hautetsiekin adostu du Tourreko zuzendaritzak, Euskaltzaidiaren arabera.
Euskaltzaindiak pozez hartu du erabakia, "garrantzitsua iruditzen baitzaio Tourreko Ipar Euskal Herriko etaparen garapenean eta haren sustapenerako egiten diren askotariko ekimenetan euskarari toki duina eta aproposa ematea". Hala, Prudhommeri gogora ekarri diote, gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa izan behar duela euskararen presentziak.
Euskara aintzat hartzeko eskatu zien Euskaltzaindiak Tourrari ez ezik, Euskal Herritik pasatuko den Espainiako Vueltari, Bilbon egingo duten MTV Europe Music Awards jaialdiari eta Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketako finalen antolatzaileei.
Etapa sigi-sagatsua
Uztailaren 28an pasatuko da etapa Lapurditik. Erlojuaren kontrako ibilbidean Senpere eta Ezpeleta lotuko dituzte txirrindulariek. Tourreko azken-aurreko etapa izango da, 31 kilometroko izango ditu, eta ibilbide sigi-sagatsua. Senpereko lakutik irten ondoren, herri bereko basoa gurutzatuko du, Arbonarantz. Gero, Arrangoitzerako bidea hartuko du, eta Uztaritzera igoko da. Handik jaitsi, eta Landagoien eta Zuraide arteko bidea hartuko du. Tarte horretan errepidea oso estua da, eta ia ez dago ordekarik. Zuraide pasatuta, eta etapako 25. kilometroan, Pinudietako gaina dago. Bi kilometroko igoera da, horietatik kilometro eta erdi batez besteko %6,8ko pendizarekin, eta %21eko tarteak dituena. Behin gaina igarota, hiru kilometroko jaitsiera pikoa du Ezpeletako erdi alderaino.
2015ean igaro zen azken aldiz Tourra Euskal Herritik. Uztailaren 15ean izan zen, hamargarren etapan. Tarbe eta San Martin artean jokatutakoa. Tropela Maulen barrena ibili zen. Guztira, 30 kilometro egin zituen, eta, besteak beste, Mitikile-Larrori-Mendibiletik igaron zen. Chris Froomek irabazi zuen etapa.