Errugbia

Euskarians izango da Uruguairen aurka jokatuko duen selekzioa

Partida Euskal Herrian jokatuko da, baina oraindik erabaki gabe dago non izango den.

Vasili Artemiev Errusiako jokalaria Uruguaiko jokalariengandik ihes, Munduko Txapelketarako sailkatzeko partidan. IVAN FRANCO, EFE
jon ordonez garmendia
2015eko otsailaren 25a
17:25
Entzun

Hiru aukera zituen Euskadiko Errugbi Federazioak Uruguairen aurka jokatzeko: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jokalarien selekzioarekin jokatu, Basque Country izenarekin jokatu edo Euskariansekin jokatzea. Hirugarren horrekin ariko da euskal selekzioa Uruguairen aurka.

Astelehen gauean jaso zuten Euskadiko Errugbi Federazioan Uruguaikoaren azken baiezkoa, hango federazioko presidenteak sinatuta. Hego Amerikako selekzio horrek Munduko Kopa jokatuko du aurten Ingalaterran, eta Iñaki Laskurain Euskadiko Errugbi Federazioko presidenteak BERRIAri azaldu dionez, aukera hori baliatu dute gonbidatzeko. «Errugbia, guretzat, errugbia baino gehiago da. Gure herria eta kultura ezagutarazteko aukera bat ikusi genuen, eta gonbidapena bidaltzea erabaki genuen, Euskal Herria eta Uruguai lotzen dituena azpimarratuz. Kultura, diaspora eta estaturik gabeko nazioak (errugbian badira batzuk estaturik ez duten selekzioak) nahasten dira partida horretan», azaldu du Laskurainek.

Zehaztu gabe dago oraindik non jokatuko den partida. Anoeta estadioa da Euskal Herrian errugbi partida bat jokatu den zelairik handiena; 32.000 lagunentzako tokia du. Irailaren 6an, ordea, Realak partida etxean izango duen edo ez alde batera utzita ere, Donostian Kontxako estropada jokatuko da, eta jada izango da nahikoa jende Gipuzkoako hiriburuan egun horretan.

Ez dago, gainera, partida beste egun batean jokatzeko aukerarik. Uruguai abuztuaren 31n edo irailaren 1ean etorriko da Japoniatik, eta, bederatzi orduko aldea dagoenez, ahalik eta gehien atzeratu nahi dute partida. Atzerapen horrek, baina, badu muga bat. Izan ere, Munduko Errugbi Federazioak irailaren 6a arteko epea eman du lagunartekoak jokatzeko. Irailaren 18an hasiko da Munduko Errugbi Txapelketa, Ingalaterran, eta parte hartuko duten selekzioek 6aren ostean ezin izango dute lagunartekorik jokatu. Beraz, partida irailaren 6an jokatuko da, eta orain non jokatuko den erabaki beharko dute.

Australia, Ingalaterra, Gales eta Fiji izango ditu aurkari Uruguaik Munduko Kopako lehen fasean. Hirugarren aldiz ariko dira uruguaitarrak munduko txapelketan; 1999an eta 2003an jokatu dute aurretik. Euskal Herrian dauden egunetan Getxon prestatuko dute uruguaitarrek txapelketa, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan. Uruguaiko selekzioko jokalari gehienak amateurrak dira, baina horien artean badaude Frantzian profesionaletan aritzen diren bi ere: Rodrigo Capo Ortegak Castresen jokatzen du Top14 Ligan, eta Sebastian Ormaecheak, ProD2 mailan.

Partida ofizial batean zazpi aldaketa egiteko aukera izaten bada ere, Uruguaik eskatu du partida hori 30 jokalarirekin jokatu ahal izatea, alegia, bi talderekin. Eta Euskadiko Federazioan begi onez ikusi dute hala izatea, Espainiako Ohorezko Maila astebete geroago hasiko denez, ez dituztelako jokalariak sasoia hastear denean behartu nahi.

Iraileko partidaren aurretik, maiatzean 20 urtez azpiko taldea etorriko da Euskal Herrira, Portugalen jokatuko den 21 urtez azpiko Munduko Kopa prestatzera, eta orduan ere 21 urtez azpiko euskal selekzio baten aurka jokatuko dute. Euskal selekzioak eta Uruguaik jokatuko dituzten bi partida horiek, Laskurainen hitzetan, Euskal Herriko errugbia ezagutarazteko aukera «paregabea» izango dira. «Ohiko muga eta ohiko formatuez haratago, agertoki interesgarria da guretzat, Munduko Txapelketan parte hartuko duten talde amateur baten kontra ariko garelako. Horrek esan nahi du txikia izanda ere goi mailan egon daitekeela. Mezu bat da herri honetako kirol agintari eta politikarientzat: gauzak egin daitezke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.