Hori da hori Vuelta amaiera. Azken egunotako joerak aztertuta, Chris Horner (RadioShack) Anglirun gora eroso antzean ibiliko zela pentsa zitekeen, baina behe-behetik erasoka hasi da Vincenzo Nibali (Astana), eta ederki estutu du estatubatuarra. 30 laguneko ihesaldia sortu da etapa hasieran, eta bertatik irten da irabazlea: Kenny Elissonde (FDJ.fr), Angliruko aldaparik gogorrenetan Paolo Tiralongo (Astana) atzean utzita. Atzerago zegoen, ordea, ikuskizuna. Movistarrek, Katuxak eta Euskaltel-Euskadik gogortu egin dute etapa, erritmo bizi-bizia jarrita, baina eurak geratu dira gero ezinean. Erasoari erasoa lotuta, Vuelta irabazteko adinako aldea lortu du tarteka Nibalik, baina, indarrak ondo neurtuta, une oro italiarraren parera iritsiz joan da estatubatuarra. Espero zen bezala, Hornerrek berak txikitu du, azkenean, Nibali, aldaparik gogorrenean. Atzerago, erabat ezinean geratu da Joaquim Rodriguez (Katuxa), eta Horner, Nibali eta Alejandro Valverde (Movistar) igoko dira bihar podiumera. Samuel Sanchezek (Euskaltel) zortzigarren postuan amaituko du Vuelta; Euskaltel-Euskadik taldekako sailkapena irabaziko du, Movistarrekiko minutu pasatxoko aldearekin.
Txirrindularitza
Eutsi ondoren, zerura
Vuelako azkenaurreko etapan, Anglirun azpi-azpitik erasoka hasita lehertu nahi izan du Vincenzo Nibalik (Astana) Chris Horner liderra (RadioShack), baina ondo eutsi dio estatubatuarrak, eta denak atzean utzita helmugaratu da azkenean. Kenny Elissondek (FDJ.fr) irabazi du 20. etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu