«Gizatiarragoa» omen da. «Normalagoa». «Hain basatia ez». Hori saldu dute. Edo hori saldu nahi izan dute. 2012ko Italiako Giroko 21 etapen ezaugarriak aztertzea nahikoa delako, iazkoaren antzera, aurtengo ibilbidea ere beldurgarria dela ikusteko. Diru kontuek eta publizitateak eraginda, Italiatik kanpo abiatuko da lasterketa, bihar, Herningetik, Danimarkatik, 8,7 kilometroko erlojupekoarekin. Hiru etapa erosi ditu Danimarkak, eta laugarren egunean behartutako atseden eguna sartzea esan nahi du horrek. Giroa are gehiago gogortuko du ezaugarri horrek, azken hemezortzi etapetan atseden egun bakarra izango dutelako. Begiratu batera, oso erakargarria izango da faborito argi-argirik gabeko Giroa, hiru asteko itzulietan lehena.
Oreka da aurtengo Giroa ondoen laburbiltzen duen hitza. Hiru erlojupeko daude (bakarkako bi eta taldekako bat); zazpi etapa dira aproposak esprinterako; sei amaituko dira mendatean (horietatik lau dira zail-zailak); eta beste bost dira erdi mailakoak. Derrigorrean, igotzaile ona izango da Giroko irabazlea, baina horixe dauka desberdina iaztik, ez dagoela Alberto Contadorren gisako faboritorik. Michele Scarponi (Lampre), Ivan Basso (Liquigas) eta Roman Kreuziger (Astana), hiru horietara mugatu dute gehienek faboritoen zerrenda. Baina, azken urteotako aldeak aztertuta, horien parean jarri beharrekoak dira, besteak beste, Joaquim Rodriguez (Katuxa), John Gadret (Ag2r), Jose Rujano (Androni), Rigoberto Uran (Sky) eta Domenico Pozzovivo (Colnago). Kontrolik eza eta ikuskizuna bermatuta daude hainbeste faboritorekin.
Hiru euskal herritar ere badoaz sailkapen nagusia buruan dutela: Juanma Garate (Rabobank), Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi) eta Beñat Intxausti (Movistar). Ez daukate erronka erraza, baina hazita iritsi dira, Garate eta Intxausti bereziki. Leitzarraren kasuan, sufritu egingo du Giroaren lehen zatian, baina azken asteko gogortasuna edukiko du alde. Lehen asteko eromena hainbestean igaroz gero, hirurek daukate aukera ona aurreko multzoan ibiltzeko.
Danimarkako erlojupeko motza eta bi esprintak igarota, taldekako 33,2 kilometroko erlojupekoa gorabehera, zailtasun handiegirik gabea da lehen astea. Zazpigarren etapan iritsiko da lehen zailtasun serioa. Rocca di Cambio bigarren mailako mendatean amaituko da etapa, eta gogorregia izan gabe ere, 19,1 kilometroko igoera da, eta %10eko batez besteko aldapa ere badauka tartean. Biharamuneko etapa ere bigarren mailako mendatean amaituko da, Lago Lacenon (9,9 kilometro eta %5,9ko batez bestekoa).
Cerviniatik Stelviora
Ihesaldietarako aproposak dira hurrengo bost etapak, ordurako lehen aldeak sortuta egongo direlako. Esprinterren taldeen esku egongo da ihesaldien arrakasta. Faboritoak, berriz, Cervinia lehen mailako mendate amaigabera bidean hasiko dira, berriz ere, dantzan, 14. etapan. Col de Joux gogorra igoko dute lehenengo (22,4 km, %5,6), eta 27 kilometroko aldapa gogorra izango dute azken kilometroetan. %5,5ekoa da batez bestekoa, baina %12ko zati batzuk ere badauzka tartean. Lehen berotua hartuta, min egingo du hurrengo eguneko etapak ere, lau mendate puntuagarri igo beharko dituztelako, Lecco Piani dei Resinelli bigarren mailakoa tartean, azken zazpi kilometroetan (%7,8ko batez bestekoa dauka).
Hortik aurrera, infernua dauka gordeta Giroak. Valparola, Dur eta Giau 17. etapan; Manghen, Pampeago (Reiterjoch) eta Alpe di Pampeago 19.ean; eta Mortirolo eta Stelvio azkenaurreko etapan, 219 kilometroko tranpa gogorrean. Milango 30,1 kilometroko erlojupekoak erabakiko du ordurako erabakitzeko geratzen den apurra.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Ez da Giro izango
Gaur hasiko da Italiako Giroa, Danimarkan, 8,7 kilometroko erlojupekoarekin, eta, ohi bezala, beldurgarria izango da azken asteaIgotzaileentzat da aproposa ibilbidea, 38,8 kilometro dauzkatelako erlojupean, bakarka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu