Ez da hain erraza izango

Lauko Finala pauso bakarrera utziko lukeen partida irabazi nahi du Baskoniak gaurMaccabi saiatuko da arabarren hiruko portzentaje bikaina apaltzen, eta etxekoei komeni zaie saskipean min handiagoa egitea

David Logan eta Doron Perkins, Maccabikoa, baloia lortzeko lehian, herenegun, Euroligako final-laurdenetako lehen partidan. JUANAN RUIZ / ARP.
Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ordenagailua itzali eta pizten dugunean bezala. Berriro zerotik hasi. Egindakoa, edo bildutako uzta ahaztu. Gorde beharrekoak gorde, baina puztu gabe, hau hasi besterik ez baita egin. Baskoniak buruko indarra, konfiantza, fedea gorde behar ditu, baina 1-0ekoa ahaztu, egindako pausoak ezer ez duela ziurtatzen onartu. Kanporaketako bigarren partida ezberdina izango delako, eta normalean, lehenengoa baino askoz estuagoa. Maccabik badaki azken aukera duela bere kirol heriotza saihesteko, eta gogor egingo dio aurre Baskoniari, legez edo legez kanpo.

2-0eko markagailuak muturreko zailtasunean jarriko luke Israelgo taldea, eta balentria historikoa gauzatu beharko luke Baskonia Bartzelonara joateko bidetik botatzeko: hiru partida irabaztea jarraian, eta horietako azkena Gasteizen. Txanponaren bestaldean, Baskoniak ikaragarri handituko luke bere estimua, Lauko Finala hatzekin ukitzen hasiko balitz bezala.

48 orduko tarte laburrean bi partida jokatzeak dakartzan eragozpenak nabarmendu behar dira. Pentsatzekoa da talde galtzailea egindako hutsak ez errepikatzeko asmoarekin kantxaratuko dela. Talde garailea, berriz, ondo egindakoei eusten ahaleginduko da, baina komeni beste aukera batzuk lantzea. Ulertze aldera, arraroa litzateke oso Baskoniak berriro hiruko lerrotik desorekatzea balantza. Hala egingo balu, geldiezina dela erakutsiko lioke Maccabiri, eta haiek etxeko lanak ez dituztela behar bezala egin. Alegia, mezu garbia: «Saiatuta ere, ez duzue gure hiruko jaurtiketen eraginkortasuna gutxituko».

Hirukoetako portzentaje onak aldagai asko ditu. Egun batean, %50 saskira dezake Baskoniak. Herenegun, adibidez: 26 jaurtiketa egin eta hamahiru sartu. Erabakigarria. Hurrena, portzentaje hori txarragoa izan liteke, eta taldea porrotera eraman. Zeren ondorio? Maccabik defentsa zorroztearen ondorio. David Blattek hautatu egin beharko du: saskipean estutu, edo arabarren baloi zirkulazio emankorra oztopatu: «30 puntuko aldea atera digute hirukoetan, eta, hori gertatzen denean, ezinezkoa da irabaztea». Blattek esana, herenegun gauean.

Dusko Ivanovicen erreplika, minutu gutxira: «Hirukoetan hain portzentaje onik ez dugunerako prestatu behar dugu. %50 asmatzea asko asmatzea da, eta zaila izango da hori errepikatzea. Beste aukera batzuk bilatzeko prest egon beharko dugu». Zein bide, baina? Batez ere saskipeko jokoari errendimendu handiagoa ateratzea. Herenegun etekin handi samarra atera zion Baskoniak saskipeko jokoari, baina hirukoen bitartez. Alegia, baloia pibotei eman, haiek zaintza bikoitzak behartu, baloia atera eta hiruko garbia. Oso litekeena da Maccabik zaintza bikoitz horiek ez egitea, eta hor sartzen dira jokoan Barac, Batista eta Teletovic.

Baracek dauka giltza

Baracek min handia egiten du. Defentsan eta erasoan. Oin joko on-onik ez dauka, eta odola baino gehiago, batzuetan hortxata daukala dirudi. Baina Schortsanitis urruntzen du saskitik bere hiruzpalau metroko jaurtiketa onarekin, eta horrela bidea irekitzen dio Teletovici, edo Batistari, Baracekin batera jokatzen duenean. Teletovicek puntu ona lortu du. Iragana dira bere berekoikeria zantzuak, eta oraina taldeko ikur izateko grina: hamabi puntu eta 11 errebote asteartean, eta presentzia handia. Ondo aritu zen kapitaina defentsan Eliyahurekin, eta asko zigortu zuen taldekide ohia erasoan, bizkarreko jokoarekin.

Gorde beharreko ezaugarrien artean, Loganen etorria. Hark egiten duena defenditzeko modurik ez dagoelako. Oso ona da, eta, asmatzen hasten bada, arriskutsua da. Logan saskiratzaile petoa dela jakina zen, baina atzo ederki moldatu zen Baracekin biko jokoan. Marcelinho itzali antzean zebilen, eta Loganek berak hartu zuen blokeoa eta jarraipena egiteko ardura. Baita asmatu ere.

Zer esanik ez, defentsa lan ona. Hirugarren laurdenean pausoa galdu zuen apur bat Baskoniak. Hendrixek erasoko errebote asko irabazi zituen, eta min handia egin. Israeldarrek korrika egiteko aukera izan zuten defentsa itogarriari esker, eta erru horiek saihestu behar dira. Maccabik dozena inguru saskiratze erraz gauzatu zituen, eta kopuru hori txikitu egin behar da. Banan bana, San Emeteriok ondo lotu zuen Eidson; baita Olesonek, tarteka, Perkins eta Pargo ere, eta Teletovicek bikain Eliyahu. Schortsanitis umekeriatan aritu zen, jokoan baino gehiago, eta ez zen ondo aritu.

BASKONIA-MACCABI

Lehiaketa. Euroligako final-laurdenetako bigarren partida.

Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Huertas, Logan, Teletovic, Batista, San Emeterio, Oleson, Buesa, Barac eta Bjelica.

Maccabi Tel Aviv. Pargo, Hendrix, Sharp, Blu, Eliyahu, Green, Pini, Burstein, Labanowski, Eidson, Macvan, Perkins eta Schortsanitis.

Lekua. Buesa Arena pabiloia (9.732 ikusle).

Ordua. 20:30 (ETB1).

Gaurko beste partidak. Olympiakos-Montepaschi (20:45), Real Madril-Valentzia (20:45) eta Bartzelona-Panathinaikos (21:15).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.