Itxako 26. Gyori 28

Ez da izan nahikoa

Itxakok ederki egin dio aurre Gyoriri, baina porrot batekin hasi du Txapeldunen Ligako bigarren ligaxka

Alexandrina Barbosa, Itxakoko ezker alboko portugaldarra, jaurtitzen, atzo, Lizarran. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Itxako. Navarro, Barno, Pinedo, Alonso (8, 5p), Zebic, Fernandez (3), Barbosa (7) —hasierako zazpikoa—; Egozkue (1), Sopronyi, Aguilar (1), Tervel (1), Martin, Agirre, Pena (5) eta Fachinello.

Gyori. Haraldsen, Radicevic (2), Verten (1), Gorbicz (10, 4p), Loke (4), Amorim (3), Lekic (3) —hasierako zazpikoa—; Palinger, Honyak (4), Orban eta Kovacsics (1).

Markagailua. 0-2, 5-3, 7-7, 10-7, 12-10, 13-14 (atsedenaldian); 14-15, 16-18, 19-21, 21-24, 24-26, 26-28

Epaileak. Stark eta Stefan (Errumania). Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Fernandez, Barno eta Tervel; eta Gyoriko Gorbicz, Radicevic, Honyak eta Lekic.

Bestelakoak. 1.500 ikusle inguru Lizarrerria pabiloian.

Multzoko beste partida. Midtjylland-Larvik (22-26).

Ezin izan du. Itxakok 26-28 galdu du Gyori Hungariako taldearen aurka, eta, ondorioz, porrot batekin hasi du Txapeldunen Ligako bigarren ligaxka. Aurreko sasoian ere modu berean ekin zion lehiaketako fase horri Lizarrako taldeak, eta finalera ailegatu zen. Finalerako bide luzea gelditzen da oraindik, eta Itxakok atzo egindako hutsak zuzendu beharko ditu azken txanparako sailkatu ahal izateko. Ambros Martin entrenatzaileak argi eta garbi erran zuen partidaren amaieran: «Xehetasunetan ez gara behar bezain fin ibili; gola sartzeko zenbait aukera garbitan huts egin dugu, eta jokaldi horietan joan zaigu partida».

Lehia biziko norgehiagoka izan zen atzokoa, eta bi aurkariek agerian utzi zuten finalean egoteko hautagai direla. Lehen zatian ederki eutsi zion Itxakok Gyoriren eraso indartsu eta eraginkorrari, baina bigarrenean hungariarrek asmatu zuten nafarren defentsari neurria hartzen, eta Itxako ez zen egoera horri buelta emateko gai izan. Nafarren ezinegonak haien erasoan izan zuen isla, eta partidak ihes egin zien.

Lehen unetik, pistan argi eta garbi gelditu zen oreka izanen zela nagusi. Itxakok bost minutu behar izan zituen lehendabiziko gola sartzeko, baina partida bina berdindu eta gero, markagailuan aurretik jarri zen. Jokoan ere nagusitu ziren etxekoak. Agintea beren esku hartu zuten, eta Gyori atzean uzteko gai izan ez baziren ere, norgehiagoka kontrolpean zutela sumatzen zitzaien Ambros Martinek entrenatzen dituen jokalariei pistan. Haiek ari ziren erritmoa ezartzen.

Defentsak eman zien horretarako aukera. Kontraerasoan ederki asmatu zuen Itxakok, eta partidaren 20. minuturako 10-7 zegoen aurretik Lizarrako taldea. Gyorik, hala ere, ez zuen etsi. Hungariarrak ez ziren urduritu nafarrek lortutako aldearekin, eta 13-14 amaitu zuten lehendabiziko zatia.

Bigarrenean, bide beretik jarraitu zuten. Itxakoren jokoari aurrea hartzeko trebezia ikaragarria erakutsi zuen Gyorik. Neurria hartu zion Itxakoren defentsari. Gorbiczek ederki profitatu zituen nafarren hesian aurkitutako zuloak, eta aldea handitzen joan ziren hungariarrak.

Ezeroso

Partidaren agintea galduta, ezeroso agertu ziren Itxakoko jokalariak pistan. Defentsan egindako hutsek haien erasoan izan zuten isla. Gyoriko atezain Lunde Haraldsen, gainera, bikain aritu zen atzo, eta hutsean utzi zituen nafarren jaurtiketak, behin eta berriro.

Itxako, hala ere, behin eta berriz saiatu zen markagailuari buelta ematen. 51. minutuan lau golen aldea zuen Gyorik, 21-25. Partida amaitzeko bost minutu falta zirenean, gol bakarrera jartzeko aukera izan zuen Itxakok, baina huts egin zuen. 24-26 zegoen partida hungariarren alde une horretan, baina Itxakoren erasoa hutsean gelditu zen.

Nafarrek ez zuten amore eman. 26-27 hurbildu ziren norgehiagokaren azken txanpan. Minutu eskasa falta zen partida amaitzeko. Eta une horretan, epaileek penaltia adierazi zuten Gyoriren alde. Aukera ongi profitatu zuen, eta 26-28 irabazi zuen.

Epaileen azken erabaki horrek Itxakoko entrenatzaile Ambros Martin haserrearazi zuen. Harmailetan ere, bi taldeen arduradunen arteko tirabirak sortu ziren norgehiagokaren amaieran. Itxakok ez du ongi hasi Txapeldunen Ligako bigarren ligaxka. Gyoriren mailako aurkari bati aurre egiteko gai dela erakutsi du, baina hutsak zuzendu beharko ditu aurrera egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.