Euroliga. A multzoa: Bizkaia Bilbo Basket

Ez da izan zena, baina bada norbait

Iraganeko distira galdu du Olympiakosek, eta Panathinaikosen arrakasta olatutik ihes egin ezinik dabil. Eskarmentu handiko jokalari onak eta AEBetako unibertsitateetatik irten berri diren gazteak uztartu ditu.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ez da iragan urrunekoa Olympiakosek izua eragiten zuen garaia. Orain urte gutxi, inork ez zuen nahi parean, bere multzoan, Atenasko taldea. Dirua zeukan barra-barra, eta merkatua lehertzen zuen fitxaketa garesti ugari eginez. Angelopoulos anaiek erabaki zuten arrakastarako bide laburrena izar distiratsuak fitxatzea zela, baina jarritako milioiak eta lortutako tituluak ez zetozen bat. Zerua ukitzear izan zen sarri, baina beti geratzen zen langa batera, bi langara. Eta «kito» esan zuten Greziako ontzi enpresa handieneko jabeek.

Betiereko aurkariak, Panathinaikosek, urte batean bai eta hurrengoan ere bai lortzen zuen arrakastarekin ernegatuta, iturria ixtea erabaki zuten Georgios eta Pannagiotis anaiek. Iturria moztu, baina ez erabat. Inbertsioa zaindu, Olympiakos Euroliga irabazteko taldeen zerrendatik atera, atera dutelako adituek, baina haien jokalari zerrenda ikusi, eta talde ona dutela jabetuko da saskibaloiaz gutxieneko jakintza duen edonor.

Entrenatzailearekin hasita. Dusan Ivkovic serbiarrak lorpen zerrenda handia dauka, batez ere zenbati herrialdetako selekzioekin lortutakoak. Olympiakosek irabazitako Euroliga bakarra Ivkovicen agindupean lortu zuen, 1996-97ko denboraldian. Egoera ekonomiko berrira moldatu da Ivkovic, eta milioi asko balio duten jokalariak fitxatu gabe, talde polita osatzea lortu du, bi irizpiderekin: eskarmentu handiko jokalariak, eta saskibaloi gosea duten jokalari gazteak, gehienak AEBetako unibertsitatean aritutakoak.

Apustu arriskutsua da, zalantzarik ez, baina ez dago beste aukerarik. Olympiakosek hasierako bosteko ona dauka, osatua. Vasilis Spanoulis da izarra, eta Martynas Gecevicius lituaniarra fitxatu dute eskolta postua indartzeko. Michalis Pelekanos aritzen da hegalekoan, baina min hartuta dago, eta ez du Bilbon jokatuko. Hutsune hori sobera ez nabaritzeko baliabide ugari ditu, dena den, Ivkovicek, kanpoko lerroan: Keselj kroaziarra oso arriskutsua da, hirukoak asmatzen hasten bada, eta Printezis eta Papanikolau greziarrak ere ez dira herrenak. Printezis bere lekua bilatzen ari da oraingoz, Malagako Unicajan oso gaizki jokatu ondoren.

Pibot postuak sortzen du zalantza gehien. Lazaros Papadopoulos da erreferentzia, baina hilabete pare bat itxaron beharko da zer egiteko gai den ikusteko. Izan ere, poltsikoak ondo beteak ditu Real Madrilen urteko bi milioi euro jaso ostean, eta han bere izen ona galdu ostean, ez da ziurra izen on hori berreskuratzeko gai izango den edo horretarako borondatea izango duen. Papadopoulos laguntzeko fitxaketa ona egin du Olympiakosek: Pero Antic. Baskoniaren agendan egon zen Mazedoniakoa, baina Atenasen diru gehiago eman diote. Glyniadakis da hirugarren pibota, 215 zentimetroko morroskoa.

Gazteen zalantza

Bizkarrezurra osatzeko, garestiegiak ez diren jokalari gazteak fitxatzeko erabakia hartu du Olympiakosek. Hiru jokalari ekarri dituzte AEBetatik, eta horietatik bi unibertsitatean bakarrik aritutakoak dira. Kalin Lucas joko antolatzailea eta Matt Howard hegalekoa. Lucasek ez du Bilbon jokatuko gaur, min hartuta dagoelako. 22 urte dituzte biek. Eskarmentu gehixeago du Kyle Hinesek, 1,98ko hegalekoak. Italiako Prima Verolin eta Alemaniako Bamberg taldeetan jokatu du, Olympiakosekin sinatu aurretik.

Osagai asko, baina arrasto gutxi. Greziako liga ez da hasi oraingoz, eta Bilbo Basketeko Fotis Katsikaris entrenatzaileak komeriak izango ditu, Olympiakosen aurka nola jokatu pentsatzeko. Lagunarteko partidekin ezin delako ondorio on-onik atera. Bizkaitarrak indartsu izan behar dira etxean, hasi berriak izanda, etxetik urrun arazo dezente izan ditzaketela pentsatzea baita normalena. Multzoko laugarren postua lortu nahi dute Bilbokoek, Top16a jokatu ahal izateko, eta hori lortzeko borroka gaur hasiko da. Etxeko bost partidetatik lau irabaztea erabakigarria gerta liteke.

BIZKAIA B. B.-OLYMPIAKOS

Txapelketa. Euroligako ligatxoko lehenengo jardunaldia.

Bizkaia Bilbo Basket. Aaron Jackson, Raul Lopez, Josh Fisher, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Stevic, Hampl eta D'Or Fischer.

Olympiakos. Spanoulis, Sloukas, Mantzaris, Katsivelis, Gecevicius, Kyle Hines, Matt Howard, Printezis, Papanikolau, Keselj, Pero Antic, Glyniadakis eta Papadopoulos.

Tokia. Bizkaia Ar. (9.650 ik.).

Ordua. 20:30 (ETB K).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.