Ez da txantxa, ez. Abuztuan egon arren, Athleticek asko dauka jokoan Trabzonsporren kontra. Bilboko Aste Nagusia hasi aurretik, finalak jokatzen hasiko da talde zuri-gorria. Horrela dago antolatuta futbola egun. Abuztuan ez da ezer irabazten, baina asko gal daiteke. Aurreko denboraldi osoan egindako lana ezerezean geratu daiteke. Beraz, gaurko neurketak lagunartekotik gutxi izango du.
Bai Europako Ligako atarikoetan, bai Txapeldunen Ligakoetan, asko egoten da jokoan. Horregatik, konpromiso horiei aurre egin behar dieten taldeak gero eta prestaketa egokiagoa egiten dute. Duela urte gutxira arte txapelketa indartsuenetako taldeek gutxietsi egiten zituzten lehen kanporaketa horiek. Ez zuten uste prestaketa onik behar zutenik aurrera egiteko. Baina, egun, ez da horrelakorik gertatzen. Okerretatik ere ikasi egiten baita. Maila oneko talde asko geratu da Europatik at benetako lehia hasi aurretik. Kostata, baina konturatu dira liga guztietan daudela lehiakor izateko prestatuak dauden taldeak. Arlo fisikoan talde onenen pare egiten dute lan; eta teknikari eta taktikari dagokienez ere gero eta gaitasun gehiagoko taldeak ikus daitezke ustez bigarren mailakoak diren ligetan.
Turkiako txapelketa ez da Espainiakoa bezain indartsua. Baina horrek ez du esan gura Athletic Trabzonspor baino hobea denik. Klub zuri-gorrian ere jakitun dira nekeza izango dela kanporaketa gainditzea. Jokalarien zein agintarien adierazpenetan nabaritu da dagoen kezka. Zuhurtzia izan da zuri-gorrien mezuaren zutabe nagusia, eta, zailtasunak-zailtasun, galduz gero ez duela «aitzakiarik» jarriko esan du Marcelo Bielsak. Hala bedi.
Trabzongo taldeak bi neurketa ofizial jokatu ditu orain arte, Benficaren aurka Txapeldunen Ligako lehen atarikoan jokatutakoak, hain zuzen ere. Turkiarrek ezin izan zuten ezer egin Nolito, Aimar, Saviola eta enparauen kontra. Gutxiago izan ziren. Eta, beraz, gura baino lehenago esan diote agur Europako lehiaketa nagusiari. Ez dute bigarrenez huts egin gura izango. Horretarako, San Mamesen emaitza ona eskuratzea ezinbestekoa dela iritzi diote. Eta, zuri-gorriak kate motzean lotzeko, fisikoki indartsuak eta oldarkorrak direnen aldeko apustua egingo omen du Trabzonsporrek. Talentua eta horrelako kontuak itzuliko neurketarako gorde omen gura ditu. Athleticek, berriz, kontrakoa eskaini gura du: joko azkarrean eta presioan oinarritu nahi du bere jokoa etxean arituko den taldeak. Bide hori hartuta, neurketa irabazi eta golik ez jasotzea da lehoien helburua.
Ikustekoa izango da zelaian egongo den borroka taktikoa; aulkietan egongo den lehiaren isla. Izan ere, mundu mailan loratuak izan diren entrenatzaile bi egongo dira aurrez-aurre: Marcelo Bielsa eta Senol Gunes; Senol Gunes eta Marcelo Bielsa. Argentinarra maisutzat daukate Argentinako eta, batez ere, Txileko zaleek. Turkiarrak, berriz, Munduko Txapelketako finalerdietarako sailkatu zuen bere herrialdea 2002an.
Gurpegi Iraolaren lekuan
Athletici dagokionez, berritasun askoko neurketa izango da. Urrutia gaur jarriko da lehenengo aldiz San Mameseko besaulkian. Katedraleko soropila ere berria da. Azken urteotan luze egin zitzaizkion neguak Katedraleko zelaiari, eta, hori konpontze aldera, belarra aldatu dute. Era berean, Ander Herrerak ere lehen aldiz jantziko du elastiko zuri-gorria partida ofizial batean. Denboraldi honetarako fitxatutako jokalari bakarra da, baina bai Bielsa eta baita jarraitzaileak ere oso gustura daude orain arte erakutsi duenarekin. Hura izango da Athleticen jokoaren iturburua.
Oraingoz, jakina ez den bakarra da talde zuri-gorria janzten duen markak egin ote duen galtzontzillo berririk denboraldi honetarako. Yestek, 2004an, famatu egin zituen Athletic markako galtzontzilloak, Trabzonsporren kontra. Hori bai, galtzen azpian zuena erakutsi aurretik gola sartu zuen. Ea gaurkoan jokalariren bat animatzen den duela zazpi urte basauriarrak egin zuena egiten. Ordezkoak aukeratzen hasita, Muniain izan daiteke remake-a egiteko jokalari aproposena.
Ez da lagunartekoa
Abuztuan egon arren, denboraldi osoa baldintzatuko duen kanporaketa hasiko du gaur Athleticek, Trabzonsporren kontraZaleak Athletic gosez dira; beraz, giro bikaina egongo da «San Mameseko infernuan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu