Ezohiko egoera da Realarentzat. Orain artekoa. Etxetik kanpo egin dituen zenbait partida alde batera utzita, itzulera gozoa izan da Lehen Mailara. Sufritzeko prest zeuden zale gehienak, baina taldeak ezusteko oparia egin die: lasaitasuna eta konfiantza. Hala eta guztiz ere, batzuek eta besteek zekiten berandu baino lehen bolada txarra etor zitekeela, eta hala gertatu da. Denboraldiko unerik zailena da taldearentzat, aurreneko aldiz hiru partida galdu dituelako jarraian, eta gaurkoa ere ez da samurra izango, Sevillak oso gutxi behar baitu aurkariei nagusitzeko, beste urte batzuetako distira eduki ez arren.
Hortzak estutzeko tenorea iritsi zaie txuri-urdinei. Ezin dira itsutu, galdu arren, duintasunez lehiatu zirelako azken bi partidetan. Hala esan zuen Martin Lasartek atzo: «Irudipena dut berdintzeko edo irabazteko moduan egon ginela. Halere, punturik ez genuen bildu, eta horrek are garrantzi handiagoa ematen dio Sevillaren aurkako partidari. Puntuak batu behar ditugu, eta bolada txarra moztu beharra dago». Azken minutuetan hobeto defendatu beharko du horretarako: «Valentziaren aurkako norgehiagokan, aurkariaren gola gure hanka-sartze baten ondorioz iritsi zen. Zaragozarena bestelakoa izan zen. Lehenbailehen eman nahi diogu buelta egoera horri».
Berdinketei balio handiagoa eman beharko lioke Realak, eta zuhurrago jokatu, askoren ustetan, baina bere jokalarien alde agertu zen entrenatzailea: «Beharbada anbizio gehiegi eduki genuen, baina hori ez zait txarra iruditzen. Aukera azaltzen bazaizu, zergatik ez aprobetzatu? Eta bigarren zatian aukera hori izan genuen, lehen zati txarra egin ondoren, jokoa orekatu egin zelako eta aurkaria gainditu genuelako». Taldeak defentsan dituen arazoei buruz, berriz, hauxe azpimarratu zuen: «Guk gure arabera jokatzen dugu, ez aurkariaren arabera. Saia gaitezke gol gutxiago jasotzeko erabakiak hartzen, baina beste zerbait galduko genuke».
Bere ohiturari jarraiki, hamaikakoari buruzko argibiderik ez zuen eman. Argi dago aldaketak izango direla, horietako bat behartuta, Griezmannek zigorra bete beharko baitu. Frantziarra ondo ari da egokitzen goi mailara. Sarritan goraipatzen dira baloiarekin egiten dituen bihurrikeriak, baina horrek baino balio handiagoa du defentsan erakusten duen jarrera. Sarpong da hura ordezkatzeko lehen hautagaia. Herbeheretarra ez da behin ere hasieratik aritu Ligan. Ezin da baztertu ere Aranburuk jokatzea, Sevilla hegaletatik oztopatzeko aldaketak izango direla eman baitzuen aditzera Lasartek. Sutil, berriz, aulkian geldituko da ziur asko.
Demidov ere deialdian sartu du estreinakoz: «Lehiatzen aritu da, eta fisikoki ondo dago. Bi postuetan joka dezake, eta abantaila da hori. Ikusiko dugu partidak zer eskatzen duen». Zerrenda deigarria osatu du, lau euskarri eta lau erdiko atzelari sartu baititu. Hau da, dituen guztiak. Hori ikusita, baliteke Mikel Gonzalezek Estrada edo De la Bellaren tokia hartzea. Maila eskasa ematen ari da kataluniarra azken boladan, eta Navas zaintzea ez da lan makala. Aurrelariei dagokienez, bi besterik ez daude deialdian: Tamudo eta Llorente. Agirretxek «heldutasun handiko erabakia» hartu duela, eta kanpoan uztea kosta egin zaiola onartu zuen uruguaitarrak.
Sevillak oso gaizki hasi zuen sasoia, baina pixkanaka hoberantz egin du, eta 2011n jokatu dituen bi partidak irabazi ditu. Kopan nagusitasun handiz atera egin du aurrera gainera. Jo handiko taldea da, aurkariaren akatsak oso ondo aprobetxatzen dituena, eta Reala ez dabil eroso halako aurkariekin. Atleticoren edo Valentziaren aurkako porrotak gogoratu besterik ez dago. Navas osatu izanak ere indarra eman dio. Garai bateko sormena ez du zelai erdian, baina altuera handiko jokalariak dauzka eta ondo baliatzen ditu geldikako jokaldiak. Hala ere, gabeziak ere baditu, Realari baino gol bakar bat gutxiago sartu baitizkiote: 27 guztira. Ate aurrean ere ez dabil emankor. Ez dadila gaur susper.
Ez dadila susper
Realak sasoiko boladarik txarrena apurtu nahi du etxean Sevilla mendean hartutaKalitate handiko jokalariak eduki arren, beste denboraldi batzuetan baino makalago dabil Gregorio Manzanoren taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu