ESPAINIAKO VUELTA

Ez dago Degenkolbi aurrea hartuko dionik

Itzuli honetan irabazten duen laugarren etapa eskuratu du gaur John Degenkolbek, esprintean. Nacer Bouhanni izan da bigarren, eta Daniele Bennati hirugarren.

2012ko abuztuaren 28a
18:43
Entzun

John Degenkolbek (Argos) irabazi du Espainiako Vueltako 10. etapa —Ponteares eta Sanxenxo artean, 190 kilometro—. Nacer Bouhanni (Fdj) izan da bigarren, eta Daniele Bennati (Radioshack) hirugarren.

Itzuli honetan irabazten duen laugarren etapa da, eta beste behin, argi utzi du ez dagoela hari aurrea hartuko dionik. Motorlanden egin bezala, esprinta urrutitik abiatuta irabazi du, maisutasun handiz. Erresistentzia itzela dauka mutil honek, eta gaurkoan are nabarmenago geratu da hori, ailegaeran errepideak pixka bat gora egiten zuelako. 200 metro falta zirela aurrea hartu, eta aurkariek nahikoa lan izan dute haren gurpilaren babesean eusteko ere.

Joaquim Rodriguezek jarraitzen du lider.

Javier Aramendiak (Caja Rural) eta Adrian Palomaresek (Andalucia) osatu dute eguneko ihesaldia, baina ez dute inoiz garaipenarekin amesteko moduko alderik izan. Pelotoia nagi xamar ibili den arren, nahi izan duenean harrapatu ditu bi iheslariak. Azkeneko kilometroetan, Katuxa eta Skyk erritmoa asko estutu dute, eta Galiziako kostaldeko paraje gorabeheratsuek eta saihetseko haizeak izugarri bihurritu dute tropela. Batek baino gehiagok gorriak ikusi ditu tropelean mantentzeko.

Bihar 39,5 kilometroko erlojupekoa izango dute txirrindulariek. Ez da ohiko erlijupeko laua izango,  hamar kilometroko hirugarren mailako mendatea izango baitute erdibidean.

Etapako sailkapena

1. John Degenkolb (Argos). 4.47.24.
2. Nacer Bouhanni (Fdj). d.b.
3. Daniele Bennati (Radioshack). d.b.
4. Gianni Meersman (Lotto). d.b.
5. Manuel Cardoso (Caja Rural). d.b.
6. Lloyd Mondory (Ag2r). d.b.
7. Pim Ligthart (Vacansoleil). d.b.
8. Davide Vigano (Lampre). d.b.
9. Ben Swift (Sky). d.b.
10. Elia Viviani (Liquigas). d.b.

Sailkapen nagusia

1. Joaquim Rodriguez (Katuxa). 39.32.23.
2. Chris Froome (Sky). 53ra.
3. Alberto Contador (Saxo). 1Era.
4. Alejandro Valverde (Movistar). 1.07ra.
5. Robert Gesink (Rabobank). 2.01era.
6. Daniel Moreno (Katuxa). 2.08ra.
7. Nicolas Roche (Ag2r). 2.34ra.
8. Igor Anton (Euskaltel). 3.07ra.
9. Laurens Ten Dam (Rabobank). 3.18ra.
10. Bauke Mollema (Rabobank). 3.27ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.