Ez dago dena galduta

Bera Berak sei goleko aldeari buelta eman behar dio, gaur, EHF kopan lehian jarraitzeko

Bea Fernandez, Bera-Berako jokalaria, Itxakoren aurkako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
EHF kopako final-zortzirenetako itzuliko partida jokatuko du Bera Berak, gaur, Lada Togliattiren aurka, Donostiako Gasca kiroldegian. Joanekoan ez zuen nahi bezain partida ona egin Reyes Carrereren taldeak, eta markagailua kontra dutela ekin beharko diote gaurko neurketari; 22-28 galdu zuten. Ez dago dena galduta, ordea. Gariren kantu ezagun hark esango lukeen bezala, itxaropenari eutsi besterik ez dute donostiarrek. Iragan asteko hutsegiteak zuzendu, eta sei goleko errenta ezerezean uzten ahaleginduko dira. Jakitun dira puztuta etorriko dela Errusiako taldea, baina hasieratik burutsu jokatu nahi dute, joan den asteburuko partida hura sekula gertatu izan ez balitz bezala.

Indartsu ekin zioten neurketari errusiarrek, defentsa izugarria eginez. Harmailak leporaino beteta zituzten zaleez; kanpoko hotzari haiek emandako berotasunarekin egin zioten aurre. Bera Berak ondo baino hobeto eutsi zion lehen zatian Ladak ezarritako erritmoari; gol bakarraren aldearekin iritsi ziren atsedenaldira, 14-13. Nabarmentzekoa izan zen Bea Fernandezen eraginkortasuna; hark egin zion aurre ongien errusiarren ate aurreko hormari.

Berdintasun handiko partida izango zela zirudien, itzuliko partidan erabakiko zela kanporaketa. Bigarren zatiko lehen minutuetan, ordea, guztiz hautsi zen neurketa. Ladak lo harrapatu zituen donostiarrak, eta ezin hobeto aprobetxatu zuten markagailuan ihes egiteko; 47. minutuan zazpi golen aldea zegoen bi taldeen artean. Epaileen erabakiak ere alde izan zituzten etxekoek. Carrerek hutsartea eskatu zuen, eta neurketa amaierako minutuetan itxura hobea eman zuten donostiarrek. Beranduegi izan zen.

Errusiako taldea gol baten aldeagatik ez zen heldu iaz, EHF kopako finalera, eta sasoi honetan hori berriz ez gertatzen ahaleginduko da. Bide onetik doa, oraingoz. Carrerek argi zuen kanporaketa «zaila» izango zela, Lada talde «indartsua» delako, baina ezustea eman dezaketela uste du. Hori gertatzeko, errenteriarrak argi dauka lehen zatian jokatu zuten moduan jokatu, eta ahal dela partidako erritmoa eurek ezartzen ahalegindu beharko dutela: «Fisikoki izugarrizko ahalegina eskatu digun neurketa izango da, dena eman behar dugu hasieratik, pixkanaka-pixkanaka golen aldea gutxitu eta amaieran zazpi goleko errentarekin amaitu». Carrerek argi du: «Oraindik bizirik gaude. Markagailua irauli eta txapelketan aurrera egin dezakegu».

Iritzi berekoak dira Matxalen Ziarsolo taldeko kapitaina eta Eli Pinedo ezker hegalekoa ere: «Ondo defendatu eta kontraerasoan irtentzen bagara, kanporaketa gurea da». Taldeko jokalari guztiak prest izango ditu Carrerek; joan den asteazkenean ABF ligako partida jokatu zuten Gijonen aurka (38-18), baina denak sasoi onean daude.

Gutxienez zazpi golen aldea ateratzea. Eta, ahal dela, gehiago. Hori da helburua. Helburu bakarra. 60 minutu luze dituzte horretarako. 60 minutu amets egiten jarraitzeko. ABF ligan egiten ari diren denboraldia kasualitatearen ondorio ez dela erakusteko. Azken segundora arte, esperantzara kondenatuta daude.

BERA BERA-LADA

Txapelketa. EHF kopako final-zortzirenetako itzulikoa.

Bera Bera. Zogby, Rodriguez, Carvalho, Rubio, Cuña, Arizaga, Menendez, Punko, Altuna, Mena, Eli Pinedo, Ziarsolo, Berta, Campa eta Bea Fernandez.

Lada Togliatti. Erokhina, Sidorova, Basarab, Kolokoltseva, Gorxkova, J. Zhilinskaite, Klimova, Smirnova, Garanina, Xipilova, Davidenko, V. Zhilinskaite, Marennikova, Txernoivanenko, Gorxenina eta Muravieva.

Epaileak. Bonifert eta Ohla (Hungaria).

Lekua. Gasca kiroldegia (2.500 ikusle).

Ordua. 17:30 (ETB K).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.