Ez dago erabakirik

ESAITek dio aurten ez dela aukerarik izango euren selekzioa ikusteko, «nahiz eta horrek ez duen esan nahi partida ez dela jokatuko»

unai zubeldia
Donostia
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Guk ulertzen dugun Euskal Herriko selekzio horrek ez du jokatuko abenduan, baina horrek ez du esan nahi partidarik egongo ez denik. Hori jokalariek eta Euskadiko Futbol Federazioak adostu behar dute». Martxel Toledo ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko koordinatzaileak azalpen hori eman zion atzo BERRIAri, goizean kaleratutako oharrak zer esan nahi zuen galdetuta. Goizean goiz bidali zuen ESAITek oharra, gaurko prentsaurreko deialdiaren berri emanez. «Titulu baten bila ibili gara». Eta titulua lortu zuten: «Ez du jokatuko!!». Bi harridura marka eta guzti. Eta harridura, behintzat, sortu zuen, tituluarekin ulertu beharrekoa eta ulertu zena ez baitzen gauza bera izan. Azkar zabaldu zen albistea, hirugarren urtez jarraian euskal selekzioaren partidarik ez zela egongo jakinaraziz.

«Euskadiko Futbol Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute borondaterik ofizialtasunaren bidean Euskal Herriko selekzioaren alde urratsak egiteko, eta, zoritxarrez, aurten ere, euskal herritarrok ez dugu aukerarik izango abenduan Euskal Herriko selekzioaren futbol partidarik ikusteko». Jakinarazpen horixe bidali zuen ESAITek komunikabideetara. Baina jokalariek eta Euskadiko Futbol Federazioak erabat bestelako iritzia eman zioten ondoren BERRIAri. «Urte hasieratik ari gara bilerak egiten, eta oraingoz ez dago ezer esateko, ez dago erabakirik». Kito. Besterik ez. Jokalarien ordezkari batek argi hitz egin zuen: «Jokalariak jokalariak gara, ez gara ESAIT, eta berriren bat dagoenean, emango dugu gure ikuspuntua. ESAITek azaldu beharko du zergatik esan duen hori, guk, oraingoz, ez baitaukagu ezer esateko». Federazioaren esana ere, berdin-berdina: «Nahi duena esango du ESAITek, baina guk ez daukagu ezer esateko».

«Borondate falta daukate»

Gaur arte itxoin gabe, ESAITen azalpena behar zuen goizeko albisteak, eta ESAITek berripaper honi eman zizkion eman beharreko xehetasun guztiak. «Guk ulertzen dugun selekzioa Euskal Herrikoa da, zazpi herrialdeetakoa, tartean Euskadiko Futbol Federazioa ofizialtasunaren aldeko urratsak egiteko prest egongo dena. Baina Federazioak ez dauka horretarako inolako borondaterik».

Jaurlaritzaren kirol politika ere kritikatu zuen Toledok. «Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldearen autobusetan, adibidez, Espainiako banderak jarri zituzten lehenengo; ondoren Espainiako saskibaloi selekzioa ekarri zuten hona; datorren urtean Espainiako Vuelta Euskal Herritik igaroko da... Hainbat gauzak adierazten dute ez daukatela borondaterik. Azken batean, irakurketa orokor hori egin nahi dugu». Irakurketa orokor horretatik ondorioztatu du ESAITek aurten ere ez dela aukerarik izango eurek ulertzen duten selekzio hori futbol zelaian ikusteko.

Iritzi taldeko bozeramaileak BERRIAri onartu zion «titulu deigarria» lortzea zela helburua. «Eta ez dakit asmatu dugun, baina zalaparta sortu dugu, eta hori zen helburuetako bat». Federazioari kritika egin zion. «Ez digu esan negoziazioak nola doazen, eta ez dakigu euren arteko hartu-emanak zein puntutan dauden». Baina pozik zegoen. «Federazioak zerbait esatea, behintzat, lortu dugu; su hori piztu dugu. Baina argi utzi nahi dugu hortik aurrera jokalariena eta Federazioarena dela hitza».

Urtarriletik bilerak eginez

Jokalariak eta Federazioa lanean ari dira, bilerak egiten ari dira, baina bi aldeek, oraingoz, isiltasunaren alde egin nahi dute. Federazioko ordezkari batena da azalpena: «Orain arte diskrezioari eutsi diogu, kutsadurarik egon ez zedin, eta orain ere hori izango da gure jarrera, isiltasuna. Federazioak, zerbait esateko daukanean, esango du. Azalpenak eman behar direnean emango ditugu, eta uneren batean mozorroa kendu behar bada, kenduko dugu. Baina oraingoz ez daukagu ezer esateko».

ESAITek «protagonismo nahia» daukala uste du Federazioak. «Baina norbaiten bozeramaile edo ordezkari dira? Protagonismoa nahi badute, eurek ikusiko dute, baina guk hitz egin behar denean hitz egingo dugu. Nik badakit zein diren gure bitartekariak, eta zein bilera eduki ditugun ere badakit».

Esaten duenarekin, edo esaten ez duenarekin baina ulertzen denarekin, zalaparta sortu du ESAITen oharrak. Gaur emango ditu argibide gehiago, Bilbon egitekoa den prentsaurrekoan, baina, beste behin ere, mahai gainean dago Euskal Herriko selekzioaren gaia. 2007ko abenduaren 29an jokatu zuen selekzioak azkenekoz partida bat. Kataluniaren aurka aritu zen orduan, Euskal Herria izenarekin. Izenetik izanerako urratsean trabatuta, 2008an ez zen partidarik jokatu, eta iaz ere, pausoak eman zituzten arren, bidean geratu ziren. Aurten, oraindik, ez dute erabakirik hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.