Aurrean dagoen taldea askoz hobea denean ez da erraza partida irabazteko behar diren giltzak zeintzuk diren asmatzea. Jokoaren ia arlo guztiak hobeto menperatzen dituen talde baten aurrean, atzean sartzea izaten da ohiko irtenbidea. Atezainaren inguruan jokalariak pilatuta eta aurkariari ahalik eta zulo gutxien lagata lortzen da maila hobea duen taldeari aurre egitea.
Baina Bartzelonaren aurka horrek ere ez du balio. Horren handia da Pep Guardiolak zuzendutako taldearen joko maila, eta horrenbeste dira modako entrenatzaileak zuzentzen dituen jokalarien baliabideak, 11 jokalariak langatik zintzilikatuta ere ia beti lortzen duela gutxienez gol bat sartzea. Beraz, zuzenena da beste estrategia bat erabiltzea. Itsu-itsuan eta lotsagabe aurkariaren bila zelairatzeak ere ez du ideiarik onena ematen. Horrenbestez, oreka lortzea da helburua. Ausart jokatu, baina atea zaindu behar dela kontuan hartuta.
«Ezin gara atzean sartu. Hori egiten badugu, lehenago edo beranduago gola sartuko du Bartzelonak», esan zuen herenegun Xabi Castillok. Arrazoia dauka Athleticeko ezker hegalekoak. Teoria praktikan jartzea ez da horren samurra izaten, ordea. Jokalariek ere badakite hori. Izan ere, aurpegia emateko gogoarekin zelairatu arren, sarri askotan Bartzelona bera da kontrarioa atzean sartzen duena. Baloia hartu, eta batera eta bestera azkar eta zuzen jokatzen hasten denean ez da beste erremediorik izaten.
Nou Camp bisitatu duten taldeek badakite zer den hori. Bartzelonak hamalau neurketa jokatu ditu denboraldion zaleen aurrean, eta behin baino ez du huts egin. Vila-realekin bana berdintzea huts egitea bada, behintzat. Nou Campen jokoan egon diren 42 puntuetatik 40 irabazi ditu Bartzelonak. Beraz, ez da egia izango egungo Bartzelonak ez daukala aurreko sasoikoaren alaitasuna eta grina bera. Emaitzek eta herenegun Arsenalen kontra erakutsitako jokoak, gutxienez, ez dute hori esaten. Ohiko maila ez erakusteko zer egin behar den argi dauka Fernando Amorebietak. «Euren gainean egon behar dugu. Estutu egin behar ditugu. Euren bila zelairatu eta gogor jokatu behar dugu», esan zuen atzo erdiko atzelariak.
Herrialde Katalanetako taldearen emaitzak onak izan dira oso orain arte. Eta motibatuta dagoenean joan den sasoiko talde paregabearen parera ailega daitekeela ere erakutsi du asteon. Londresen erakutsi zuen. Arsenal, goi mailako jokalari gaztez osatutako talde bikaina, txiki utzi zuen neurketaren heren bietan. Norgehiagoka eta kanporaketa irabazita ikusi zituen arte. Apaltasun apur bat falta izan zitzaion orduan. Eta horren ondorioz, garaipen barik eta Txapeldunen Ligako finalerdietara pasatzea bermatu barik geratu zen. Hori bai, lo hartu zuen arte, sekulako erakustaldia eman zuen. Baloiarekin eta baloi gabe.
Jakina da Athletici ezin zaiola eskatu Bartzelonak baloia duenean egiten duen lana egiteko, baina presioa nola egin behar den ikasteko ere aproposa da Bartzelona. Eta, arlo horretan, ondo landuta dauden talde guztiak nabarmendu daitezke. Bada, Joaquin Caparrosek entrenatutako taldeak bihar miraria egin gura badu, aurrean duen taldeak baino grina eta oldarkortasun gehiago erakutsi beharko du.
Athleticek presio barik jokatzeko aukera dauka. Etxeko lanak egin ditu dagoeneko. Joan den sasoian baino puntu gehiago eskuratu ditu bederatzi jardunaldiren faltan. Horrenbestez, mailari eusteko borroka alde batera utzi eta lau onenen artean sartzearekin egiten du amets. Talde zuri-gorriko kideak aspalditik ari dira kontuak egiten. Eta, hasiera batean, Nou Campen jokoan dauden puntuak ez dira kontuan hartzen. Bartzelonatik ekarritako puntu guztiak aurrez espero ez zirenak izango dira. Horrek lasaitasuna eman behar dio taldeari. Beraz, zelaian lehiatzeko aukera izango du. Hori bai, gehiegizko lasaitasuna ez da ona. Gezurra baita Athleticek ez daukala ezer galtzeko Bartzelonaren kontra. Partida bat gal dezake. Eta jipoia hartu ere bai. Eta horrek eragina izan dezake zuri-gorrien konfiantzan. Beraz, badago zer galdu.
Gurpegi berriro hamaikakoan
Ezer galdu ez eta ahal den guztia irabazteko aldaketa bat edo beste egingo du Caparrosek. Athleticek duela ia lau hilabete irabazi zuen azken aldiz etxetik kanpo. Romaredan. Baina horrek ez du esan gura gauzak txarto egin dituenik. Ongi jokatzen ari da. Eta joko onaren euskarri nagusietako bat Gurpegi da. Andosillakoak indarra ematen dio zelai erdiari. Eta bihar indarra duten eta lanerako prest dauden jokalariak beharko ditu entrenatzaileak. Beraz, Gurpegik aukera asko du berriro hasieratik aritzeko. Bestalde, Susaetak eta Koikilik ere izan dezakete tokia hasierako hamaikakoan. Otxandiokoak lan ona egin du Messi zaindu duenean, baina, era berean, kontuan hartu behar da Castillo maila ona ematen ari dela. Eibartarrak, berriz, Toqueroren lekua har dezake. Aproposagoa da kontraerasoan jokatzeko.
Ez dago erronka gaitzagorik
Athleticek gogor jardun beharko du, eta kontzentrazioari eutsi beharko dio bihar Nou Campen aukeraren bat izan nahi badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu