Badator berriz ere pilota munduko urteroko zita garrantzitsua. Badator IX. BERRIA Txapelketa. Atzo egin zen aurkezpena, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, eta 24 pilota elkartetako ordezkariak bildu ziren bertan: Euskal Herriko 23 eta Errioxako bat. Pilota bazter guztietara zabalduta dago, eta txoko guztietako artistak hartuko ditu torneoak. Datorren hilaren 6an abiatuko da, Hernanin, eta finala martxoaren 25ean jokatuko da, pilotaleku berean. Hiru hilabeteren bueltan, izango da zer ikusia eta zer gozatua.
Aurkezpen ekitaldian Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Patxi Jauregi Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea, Saulo Nebreda Euskadiko Pilota Federazioko lehendakaria, eta Rufino Rekalde eta Andoni Alvarez antolatzaileak elkartu ziren mahaiaren inguruan, hainbat xehetasun emateko. Guztiek krisia izan zuten mintzagai, baina, Otamendiren esanetan, ez dago krisirik pilota txapelketa geldituko duenik. Hala hitz egin zien klubetako ordezkariei: «Gu enpresa txikia gara, eta zuek ere ez zarete elkarte handia. Garai hauetan garrantzitsuena elkarlana egitea da, eta horregatik babesten dugu txapelketa. Guretzat ohorea da, eta hala egiten jarraituko dugu».
Esker hitzez mintzatu zitzaion Jauregi: «BERRIAren ahalegina miresgarria da, benetan. Urteak pasa ahala indartzen ari da txapelketa, eta nola, gainera. Atzo hasi zela ematen du, eta dagoeneko bederatzigarren ekitaldia jokatuko da». Arrazoi du, zalantzarik gabe. Azken urteetan bertan parte hartu duten hainbat pilotari ari dira egun profesional mailan: Ezkurdia, Jaunarena, Merino II.a, Idoate, Apezetxea, Mendizabal III.a, Beroiz... Etorkizuneko izarrek BERRIA Txapelketan parte hartuko dute.
Berrikuntza bakarra sisteman
Azken urteetako joko sistema berari eutsiko zaio. Kadete, gazte eta nagusien mailan jokatuko da, eta bi partida irabazten dituen taldeak egingo du aurrera. Hori bai, tanto kopurua ere kontuan hartuko da hainbat kasutan. Lehen fasea final-hamaseirenetakoa izango da, eta galtzen duenak etxerako bidea hartuko du. Klub bakoitzak bere probintziako bi fitxaketa egin ahalko ditu taldea indartzeko, baina hor egongo da berrikuntza. Hain zuzen ere, ezin izango da fitxatu edozein enpresatan profesional mailan jokatu duen inor. Iazko ekitaldian hala gertatu zen, eta hainbat gazteri aukera kendu zitzaien. Horregatik hartu da erabakia.
Faboritoei dagokienez, Amezketako Zazpi Iturri iazko txapelduna ageri da guztien gainetik. Halere, beste hainbat izen kontuan hartu beharko dira: Aurrera Saiaz, Adiskide, Oberena...
Ez dago krisirik urteroko ekitaldi garrantzitsua geldituko duenik
IX. BERRIA Txapelketari urtarrilaren 6an ekingo zaio, Hernanin; 24 klub ariko dira: Errioxako bat eta Euskal Herriko 23
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu