Ez dakite nora begiratu

Osasunak seigarren postuan amaitu du lehen itzulia, 27 punturekin; azkeneko sei denboraldietan egindako lanik onena daJokalariek ez dute pentsatu nahi beste xede batzuetan, jaitsieratik erabat aldendu arte

Iruñea
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Denboraldia hasi zenean, inork ez zuen espero Osasuna lehen itzulia amaituta sailkapeneko seigarren postuan izango zenik, 27 punturekin. Sasoiaren lehen erdian, emaitza bikainak lortu dituzte gorritxoek. Hemeretzi jardunalditan lau partida soilik galdu izanak amets egiten hasteko baimena eman die. Azken sasoietan ez bezala, sasoi honetan mailari eusteko lehian sufritu beharrik ez dutela izango dirudi, eta beste helbururen baten lehian sartzea amesten dute gorritxoek. Horregatik, sailkapeneko postu gozoenetan izanagatik, puntu gutxiren tartean talde asko dago, eta jaitsiera postuetan dauden taldeekiko zortzi edo bederatzi punturen aldea soilik dutenez, nora begiratu ez dakitela daude Osasunako jokalariak. Baikorrenek sailkapenaren goialdera begiratuko dute, Athletic, Atletico Madril edo Sevilla atzetik oso gertu izanagatik. Botila erdi beteta ikusi ordez erdi hutsik ikusten dutenek, ordea, jaitsiera postuetara begiratzen dute oraindik, zeharka bada ere.

Orain arteko partidetako datuak ikusita, jaitsierako mamuaz ahazteko motiborik badago: hemeretzi partidetatik sei irabazi dituzte, bederatzi berdindu eta lau soilik galdu. Orain bi aste Racingen aurka Nafarroako Erresuman galdutako norgehiagokak min egin zuen, baina beste hiru porrotak Ligako hiru zelai zailenetakoetan jaso zituen Osasunak: Camp Noun, San Mamesen eta Santiago Bernabeun. Etxean jokatutako hamar partidetatik bakarra galdu dute, bost irabazi eta lau berdindu. Iruñetik at, berriz, partida bakarra irabazi badute ere, aurkarientzat talde deserosoa da Osasuna, eta, horri esker, bost berdinketa ere pilatu dituzte. Ez dira estatistika makalak Osasunaren aurrekontua eta jokalari multzoa aintzat hartuz gero, are eta gutxiago Bartzelona eta Real Madril iritsezinak alde batean utzita, Espainiako Ligan dagoen oreka eta parekotasuna ikusita.

Atzera begiratuta ere argi dago Osasuna azken urteetan baino askoz hobeto ari dela. 2005-2006ko sasoi gogoangarritik —bigarren izan zen lehen itzulia amaituta, 39 punturekin—, inoiz ez zuen horrenbeste puntu pilatu: 2006-2007ko sasoian bat gutxiago zuen (26); 2007-2008koan, zazpi gutxiago (hogei); 2008-2009koan, hamalau gutxiago (hamahiru); 2009-2010ekoan, lau gutxiago (23); eta joan den sasoian, bederatzi gutxiago (hemezortzi). Postuei erreparatuta ere jauzia eman dute gorritxoek: inoiz ez ziren izan hamargarren postutik gora.

Racingen aurka galdu ostean taldearen inguruan hedatu zen ezkortasunaren ostean, hainbat jokalarik ordu arte egindakoaren garrantzia azpimarratu zuten iragan astean. «Ia lehen itzuli osoa jokatu ostean gauden tokian egotea gauza handia da; inork ez digu ezer oparitu», esan zuen Patxi Puñal kapitainak. Damia Abellak BERRIAri eskaini zion elkarrizketan ere antzeko hitzak erabili zituen: «Ez gaude halabeharrez gauden tokian». Etxekoan galdutako lehen partidak hautsak harrotu zituela ikusita, egindako lan ona gogoratu eta euren jardunaren defentsa egin beharrean sentitu ziren jokalariak. Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak ere ez zuen ezkutatu haserrea: «Badirudi urtero sei onenen artean egotera ohitutako klub batean gaudela, eta hori ez da hala. Lau partida soilik galdu ditugu, sailkapeneko postu gozoenetan gaude, gurea baino askoz aurrekontu handiagoa duten kluben aurretik, eta ez da bidezkoa gure lana susmopean jartzea». Hala ere, Mendilibarrek berak gogorarazi du aurrena taldearen jokoa hobetu egin behar dela. Eta igandean Valentziarekin berdintzearekin konformatu behar izan bazuten ere, gorritxoek aspaldiko partidarik onena egin zuten, eta bigarren itzuliari begira bide onean daudela berretsi.

Lolo, zuhur

Herenegun berdinketaren gola sartu zuen Lolok ere gaiari heldu zion atzo, taldeak egindakoa aldarrikatzeko. «Sasoia hasi zenean inork espero ez zuen toki batean gaude, eta argi dago lehen itzulia nahiko ona izan dela. Horregatik, bitxikeria bat besterik ez da une honetan seigarren postuan izatea. Liga luzea da, eta nik, behintzat, puntuei soilik begiratzen diet oraingoz. Gero ere izango da beste helbururen batean pentsatzen hasteko astia, baina mailari eusteko behar diren 44 puntuak batzea da orain nire pentsamendu bakarra», esan zuen atzo.

Hemeretzi partidatan 27 puntu batu ostean, badirudi ez dutela aparteko arazorik izango 44ra iristeko behar dituzten hamazazpi puntuak hemeretzi jardunalditan batzeko, baina oinak lurrean izatea hobe dute gorritxoek. Halere, jada batutako puntu horiek inork ez dizkie kenduko, eta argi dago inork uste baino puntu gehiagorekin direla. Badaezpada gora zein behera begira jarraitzea ez da txarra, dena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.