Inork gutxik jartzen du zalantzan Espainia dela Lituanian hasi berri den Europako Saskibaloi Txapelketa irabazteko faborito nagusia. Egungo txapelduna da, eta, gaur-gaurkoz, Europako selekziorik indartsuena. Pau eta Marc Gasol anaiak, Serge Ibaka, Jose Manuel Calderon, Rudy Fernandez, Ricky Rubio, Juan Carlos Navarro... Izarrez betetako selekzioa da, paregabea, bai behintzat kontinente zaharrean. Atzo, baina, izerdia bota behar izan zuen txapelketako estreinako partidan Polonia apalari irabazteko. 83-78 nagusitu zen Sergio Scariolok zuzendutako selekzioa. Estua izan zen partidaren amaiera, hamasei segundoren faltan Espainiak bi puntu eskaseko aldea baitzuen: 80-78.
Gertatutakoa abisua izan daiteke: Espainiarentzat, Lituanian harrokeriarik gabe aritzeko; aurkarientzat, ordea, espainiarren aurrean lotsagabe aritzeko. Gasol anaiak eta Navarro izan ziren onenak Espainian: 68 puntu sartu zituzten hiruren artean. Polonian, berriz, Thomas Kelati eta Lukasz Koszarek nabarmendu ziren, 19 eta 18 puntu sartuta.
Eguneko beste partidetan ere ez zen ezustekorik izan, eta selekzio indartsuenek irabazi egin zuten: Serbiak Italiari (80-68), Turkiak Portugali (79-56), Frantziak Letoniari (89-78), Greziak Bosnia eta Herzegovinari (76-67) eta Esloveniak Bulgariari (67-59). Frantziaren eta Letoniaren artekoan lehia ikusgarria izan zuten Tony Parkerrek eta Janis Blums Bizkaia Bilbo Basketeko jokalariak: frantziarrak 31 puntu sartu zituen, eta letoniarrak, 32.
Ez daude hain urrun
Europako Saskibaloi Txapelketan, Espainiak uste baino gehiago sufritu du Poloniari irabazteko (83-78)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu