Bartzelona 89. Caja Laboral Baskonia 66

Ez daude hain urrun

Bartzelonak ordezkoak baliatu ditu bukaeran Baskonia zigortzeko, baina arabarrak txukun aritu dira 30 minututan

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bartzelona. Rubio, Navarro (25), Morris (15), Anderson (11), Perovic (6) —hasierako bostekoa—; Sada (2), Lorbek (6), Ingles (6), N'Dong (4), Lakovic (12), Vazquez (2) eta Grimau.

Caja Laboral Baskonia. Marcelinho (18), Logan, San Emeterio, Teletovic (8), Barac (20) —hasierako bostekoa—; Oleson (5), Batista (7), Sow eta Ribas (8)

Markagailua. 21-19, 40-38 (atsedenaldian); 61-54 eta 89-66.

Epaileak. Arteaga, Jimenez eta Castillo. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 5.389 ikusle inguru Palau Blaugranan, ACB ligako22. jardunaldiko partidan.

Partidako markagailua ikusi, eta kronika hau irakurtzen duenak biharamuna pasatu gabe daukala, edo irakurritakoa ez duela ulertu pentsatuko du, baina markagailu biribil baten atzean gauza ezkutu asko daude. Baskoniak 23 puntugatik galdu zuen atzo Bartzelonaren aurka, eta zigor gogorra jaso, baina arabarren eta kataluniarren arteko aldea ez da hain handia. Ez dago 23 punturen alderik, ezta gutxiago ere. Baskoniak nabarmen hobetu zuen bi aste atzera Kopan erakutsi zuen irudi kaskarra, eta lehen 30 minututan duintasunez eutsi zion gaur-gaurkoz Europako talde onena denari.

Bartzelona koska bat edo bi gorago dagoelako. Iritsezina da, eta horrela onartu behar da. Haiek deseroso sentitzea lortzea ez da erraza, eta Baskoniak lortu zuen. Errebotean nagusitasun handia lortuta, sinestea zaila bada ere. Bartzelonari korrika egiten utzi gabe, erreboteko nagusitasun horri esker, eta erasoan pazientzia eta zentzu handiz jokatuz. Lan dotorea egin zuten bikoteari esker: Huertas eta Barac. Bikain egin zuten biek blokeoa eta jarraipena, baina Huertasek Ricky Rubio eta Sada erotu zituen, haien defentsa oro zapuztuz: barneraketak, Navarrok urtetan hain ezagun egin duen jaurtiketa loratua, asistentziak...

Brasildarrak 22 puntuko balorazioa lortu zuen, baina Baracek hobea: 30, 20 puntu eta hamahiru errebote. Kroaziarra handi egin zen Europako pibot talde onena duen jokalarien aurka, eta erotu egin zituen behin eta berriro. Bost baloi eman zituen, bai, eta sarri lauzpabost metroko jaurtiketarekin tematu zen, baina haren lan bikainari esker mantendu zen partidan Baskonia.

Bi ondo, eta beste guztiak larri edo eskas. Uzta eskasa hamabi jokalari on dituen talde puskarentzat. Defentsan lan ederra egin zuelako Bartzelonak San Emeteriori puntu bakar bat bera eman gabe, Baskoniaren hiruko erosoak galaraziz, eta, ohi bezala, aurkariaren opariei etekin handia aterata. Oparitzat jo daitezke une jakinetan Baskoniak emandako baloiak edo zorte txarra. Sadaren lehen zatiko jaurtiketa eta N'Dongen beste jaurtiketa batean zortea eduki zutelako etxekoek.

Ez da zortea, botere erakustaldia baizik, Bartzelonako edonork daukala partida hausteko gaitasuna. Inglesek hamalau minutu bakarrik jokatu zituen, baina bi hiruko erabakigarri sartu zituen. Navarrok sekulako partida jokatu zuen berriro, eta 25 puntu pilatu bost hirukorekin. Zer esan Lakovicez, azken hilabeteetan aulkian minutu piloa pasatu ostean, atzo irten, eta partida hautsi zuen hiru hiruko saskiratuta.

Azken laurdeneko zigorra

Baskonia bi puntuz ari zen galtzen lehen laurden bukaeran, eta antzekoa zen emaitza atsedenaldian: 40-38. Hotz bueltatu zen aldageletatik, eta bederatzi puntuko zuloa ireki zuen Bartzelonak: 49-40. Arabarrek ez zuten etsi, Teletovicek belaunean mina hartu arren, eta lau puntura jarri ziren bitan: 58-54 eta 60-56. Orduan, ordea, Bartzelonak nahikoa zela erabaki zuen, eta Baskonia zigortzen hasi zen kupida gabe: hirukoak, alley-hopp-ak, defentsa ikusgarria... Zazpi hiruko sartu zituen azken hamar minutukoan Bartzelonak, eta hainbesteko erakustaldiak Baskonia belaunikaraztea ekarri zuen.

Etorkizunera begira, Teletovicen lesioa zertan geratzen den argitzea da garrantzitsuena, bosniarra gabe jai daukalako Baskoniak. Bestelakoan, lehen hiru laurdenetako Baskonia behar da. Txukun aritu zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.