Bengoetxea-Apraiz 12. Olaizola II.a-Beroiz 22

Ez daude prest ezer oparitzeko

Olaizola II.a-Beroizek nagusitasun osoz irabazi diete Bengoetxea VI.a-Apraizi Binakako Txapelketan

Aimar Olaizola, pilota jotzeko prest, Alexis Apraiz ondoan duela, atzo, Labriten jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Iraupena. 43.24.

Pilotakadak. 366.

Sakez. Bengoetxea VI.ak bat; Olaizola II.ak bi.

Markagailua. 0-4, 1-4, 1-6, 2-6, 2-13, 4-13, 4-15, 10-15, 10-17, 11-17, 11-19, 12-19 eta 12-22.

Bestelakoak. Sarrera polita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Apustuak Olaizola II.a-Beroizen alde irten ziren nabarmen.

Jakin-mina zegoen Labriten gerta zitekeenaz. Enpresa bereko bi bikote ariko ziren elkarren aurka: Olaizola II.a-Beroiz eta Bengoetxea VI.a-Apraiz. Lehen bikoteak aspaldi ziurtatu zuen toki bat Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan. Bigarren bikotea, ordea, buru-belarri dabil lau aukeratuen artean muturra sartu nahian. Enpresaren interesei begiratuta, Asegarceri Bengoetxea VI.a-Apraizek irabaztea komeni zitzaion. Hala, aukera handiagoa izango luke azken ligaxkan beste ordezkari bat izateko. Baten batek segurutzat eman zuen tratua.

Baina ez traturik, ezta gupidarik ere. Olaizola II.a-Beroiz ez daude ezer oparitzeko prest. Eta atzo erakutsi zuten berriro. Nagusitasunez irabazi zuten (12-22), eta hamabigarren garaipena lortu beste horrenbeste partidetan. Bengoetxea VI.a-Apraizek, beraz, jo eta su jarraitu beharko dute finalerdietarako sailkatu nahi badute. Sei puntu dituzte, eta beste lau bikoterekin ariko dira lehian, nork eskuratuko sailkatzeko hiru aukeretako bat. Herenegun Xala-Laskurainek Titin III-Merino II.aren aurka lortutako garaipenak gehiago estutu du sailkapena. Azken bi jardunaldiak emozioz beterikoak izango dira.

Emozioa izan zen, hain zuzen, atzoko partidari falta izan zitzaiona, Olaizola II.a-Beroiz hasi eta buka nagusitu baitziren. 0-4, 1-6, 2-13, 4-15... Nahieran aritu ziren lehen tantotik. Bazirudien beste emaitza eskandalagarri batekin amaituko zela lehia. Bengoetxea VI.a-Apraiz, ordea, suspertu egin ziren, eta sei tanto jarraian egin zituzten, gehienak hori bai, aurkarien hutsen ondorioz lortutakoak. Hortxe amaitu zen susperraldia. Olaizola II.a-Beroiz berriro serio jarri ziren, eta erraz iritsi ziren 22. tantora.

Irujo-Barriola, suspertu nahian

Ligaxkako hamabigarren jardunaldiak gaur eta bihar izango du jarraipena, Eibarren eta Tolosan. Astelenan Martinez de Irujo-Barriola eta Lasa-Pascual izango dira aurrez aurre. Aurrenekoek ezin dute huts gehiagorik egin. Nahikoak egin dituzte jada, azken zazpi partidetatik sei galduta. Lasa-Pascual, berriz, aurreko astean Arretxe II.a-Beginok eginikoa errepikatzen saiatuko dira. Ligaxkako azken sailkatuek Berasaluze VIII.a-Albisuren aurka jokatuko dute bihar. Bigarrenak dira faborito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.