Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Ez dauka kontrariorik

John Degenkolbek esprintean erraz irabazi du Espainiako Vueltako 10. etapa, eta laugarren garaipena du jadanik39,4 kilometroko erlojupekoa jokatuko da gaur; tartean mendate gogor bat dute

Ez dauka kontrariorik.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltan esprintetara bideratuta dauden etapek izen propio bat daukate: John Degenkolb (Argos Shimano). A zer-nolako erakustaldiak ematen ari den alemaniarra. Etapa amaiera zuzengune batean izan, bihurgune gaiztokoan izan edo goranzko joera duen batean izan, berdin dio. Guztietan Degenkolb izaten ari da indartsuena, eta dagoeneko lau garaipen baditu aurtengo Vueltan lortuak. Azkenekoa, atzo, Sanxenxoko helmugan. Azken kilometroa goraka izanik, bazirudien gainontzeko esprinterrek izan zezaketela aukerarik ezustea emateko. Baina ez. Berriz ere Argos Shimanokoa nagusitu zen, hanka batekin, eta argi dago Vueltako txirrindularirik azkarrena dela.

Etapak aurrez idatzirik zeukan gidoia bete-betean kunplitu zen. Epaileak baimena eman orduko osatu zen eguneko ihesaldia, eta tropelak azkar asko onartu zuen. Javier Aramendiak (Caja Rural) eta Adrian Palomaresek (Andalucia) egin zuten aurrera, itsu-itsuan. Nabarmentzekoa da nafarraren intentzioa, ihesaldi askotan sartzen ari baita. Horri esker, lehiakorrenaren saria irabaz dezake, gainera. Ordea, etapa garaipenak garestiago daude, eta atzo ere tropelak ez zuen barkatu. Palomaresekin batera, zazpi minutuko aldea eduki zuen Aramendiak, baina alferrik.

Argos Shimanok erabat kontrolpean izan zuen etapa une oro. Dena den, beste talde batzuk agertu ziren amaieran: FDJ, RadioShack, Movistar... Euskaltel-Euskadi bera ere ongi kokatuta egon zen, Igor Antonen mesedetan. Azken bi kilometroetan Skyk hartu zuen aginte makila, Ben Swiftek zerbait lortuko zuen esperantzan. Ordea, onenengandik urrun ibili zen.

Degenkolbek maisutasun handia erakutsi zuen. Berehala hartu zuen aurrea, eta indarrak ongi neurtuz, aise menderatu zituen Nacer Bouhami bigarren sailkatua (FDJ) eta Daniele Bennati hirugarrena (RadioShack). Etapa guztian, haizeak buruhauste franko eragin zion bati baino gehiagori, baina faborito nagusiek ez zuten arazorik eduki. Hala, Joaquim Rodriguezek jarraitzen du lider (Katuxa).

Kostako zaio, dena den, maillot gorriari eusten. Izan ere, 39,4 kilometroko erlojupeko gogorra jokatuko da gaur, tartean mendate luze bat duena —hamar kilometrokoa—. Espezialistentzat baino igotzaileentzat egokiagoa dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.