Aritz Begino. Asegarceko pilotaria

«Ez diegu utziko irabazten Asegarceko beste bikoteei; guri ez ziguten ezer oparitu»

Autokritikoa eta zintzoa da, eta onartu du ez duela eman bere maila. Iaz, binakako txapeldun izan zen; aurten, ordea, konfiantza erabat joan zitzaion, eta hamar partidak galdu ditu Arretxe II.arekin batera.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Une garratzean dago Aritz Begino (Auza, Nafarroa, 1980), baina ez du aitzakiarik jarri. Galderak ez dira gozoak, baina ez du errudunik bilatu nahi, bere maila kaxkarra da bolada txarraren azalpena. Lasai mintzatu da.

Ez zaude zure unerik onenean.

Egia da, onartu behar dut binakako txapelketan ez dudala nire maila eman, baina azken partidetan hobera egin dugu, eta pozik nago horregatik.

Oso gaizki hasi zineten.

Apur bat galduta hasi nintzen, eta ez nik nahiko nukeen mailan. Baina, tira, azken asteetan behintzat jokatzen gozatzen ari naiz. Bigarren itzuliko emaitzak hobeak izaten ari dira, eta norbaiti ezusteko bat emateko gai gara.

Asko hitz egin zen zure kontratu berritzeaz —azken egunean berritu zuen—; asko nahastu zintuen?

Gauza asko izan ziren, kontratuarena hor zegoen, baina lehen bi partidak 22-5 galdu eta zalantzak etorri ziren...eta, gero, Larraintzargo pilotakadaren partidan 22-1 galdu izanak min handia egin zigun. Zaila da horrekin jokatzea, baina, tira, ahaztu dugu hori, eta egunekoan pentsatu behar dugu.

Ahaztu al daiteke halako boladarik?

Bai, profesionaletan eginiko urteek erakusten dizute bolada txarrak eta onak daudela.

Galdu al dituzu noizbait hamar partida jarraian?

Ez diot horri begiratu, baina ez, ezetz esango nuke, inoiz ez. Dena den, hurrengo partida da inporta zaidana orain.

Gogorra da jasaten? Binakakoa da zure urteko helburu nagusia.

Bai, noski, eta are gehiago txapelketan. Biok zalantzak izan ditugu, eta konfiantza galdu genuen lehen partidetan. Orain, hala ere, apurka berreskuratzen ari gara.Iaz, txapelketa oso ona egiteko aukera izan nuen, eta, aurten, gauzak ez dira nahi bezala irten.

Nola alda daitezkeen gauzak urte batean…

Asko. Iaz, Olaizolarekin jokatzen nuen, bera lesiotik irten berria zen, ez ginen faboritoak... eta irabazi genuen. Aurten, berriz, kontrakoa izan da: kontratua hor zegoen; zorte txarra; nire maila, denek espero zuten maila ez ematea… Baina, tira, azken asteetan berriz ere aurrekoa naizela dirudi, eta lasaiago nago.

Azken bi partidak izan dira onenak.

Eta horrek asko animatu nau, galdu baino ez duzunean egiten badirudi zure pilotari argudio guztiak bukatu direla, eta denetarik entzun eta irakurtzen duzunez, gogorra egiten da.

Zerk egin du kale?

Ez dakit zehazki, baina egia dakonfiantza galtzen duzula, eta burua garrantzitsua da. Lehen maila on batean jokatzeko gai izan bazara, orain zergatik ez duzun hala jokatzen galdetzen diozu zeure buruari.Baina orain argiago dut.

Deus ere jokoan ez duzunean nola jokatzen da, lasaiago?

Txapelketaren presioa da; gu ez gara erlaxatuko. Orain, enpresari laguntzen saiatu behar dugu. Inori ez zaio gustatzen galtzea.

Sistemak eztabaida sortuko al du? Jokoan deus ere ez duzuen bikoteek enpresa kideen aurka jokatu beharko duzue.

Ez, denok irabazi nahi dugu, eta gure enpresakoak izanagatik ez diegu irabazten utziko. Ligaxkako lehen partidetan guri inork ez zigun ezer oparitu.

Buruz burukoa jokatu nahi al duzu?

Bai, eta hala jakinaraziko diot enpresari. Buruz burukoaren arantza sartua dut; ahalik eta hobekien prestatuko dut neure burua, eta aukeratuko nautela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.