Ez dira denak kabitzen

Mutiloabeitin hasiko da gaur binakakoaren lehen faseko azken jardunaldia, eta sei bikote ageri dira hiru posturako lehian

Martinez de Irujo Bengoetxea VI.ari traba ez egiten saiatzen. IÑIGO URIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Binakakoaren sailkatze fase luzea asteburu honetan bukatuko da, eta gaur jokatuko da lehen partida, Mutiloabeitin (22:15). Irujok eta Merino Arretxe II.aren eta Zabalaren —bi ordezko— aurka ariko dira. Bi aurrelariek ondo ezagutzen duten pilotalekua da, Irujo Mutiloabeitin bizi baita eta Arretxe pilota irakasle baita bertan. Asteburu urduri bateko lehen partida izango da, sei bikote finalerdietako hiru postu lortzeko lehian ariko baitira. Egun bikote bakarra dago sailkatua: Xala eta Barriola, eta bakarra matematikoki kanporatuta: Olaizola I.a eta Beloki. Hona hemen sei bikote horiek egin beharreko kontuak. Zazpi garaipenek txartela ziurtatzen dute eta berdinketak hausteko tanto alde orokorra hartuko da kontuan.

Olaizola II.a-Begino 19 tanto aski izan daitezke

Ligaxka hasieran bildutako uzta usteldu zaie azken lau partidetan. Egoera okertu zaie, baina ez gehiegi. Lehen aukera erraza da: bihar irabazita finalerdietan leudeke, zazpi garaipenekin. Galduz gero, komeriak hasiko zaizkie, eta kasu horretan ahalik eta tanto gehien egitea komeni. Hemeretzi eginez gero, Titin-Pascualen aurretik geldituko lirateke. Orduan Irujo-Merino litzateke zaindu beharreko bikotea, eta, gaur jokatzen dutenez, zenbat tanto egin behar dituzten jakinda kantxaratuko dira. Irujo-Merinok 22-11 baino emaitza hobea lortu ezean, hemeretzi tantoak dira langa.

Bengoetxea VI.a-Ruiz Sailkatuei irabazi behar

Aurreko emaitzak ezagutzearen abantaila izango dute, eta partida irabazita matematikoki sailkatuko lirateke. Gainera, deus ere jokoan ez duen bikote baten aurka ariko dira etzi: Xala-Barriola. Ruizek ez du jokatuko, eta Albisu gaztea ariko da haren ordez. Galduz gero, berriz, Aspeko beste hiru bikoteetako bik galtzen badute ere sailkapena lortuko lukete.

Gonzalez-Laskurain Tanto alde onaren babesa

Partida irabazteak ez die finalerdietarako sailkapena ziurtatzen, baina ia. Tanto alde oso ona dute (+17), Titin-Pascualek (+5) eta Irujo-Merinok (-5) baino askoz hobea, eta ia edozein berdinketa euren alde erabakitzeko modukoa. 11 tantogatik irabazita matematikoki sailkatuta leudeke; galduz gero, Irujo eta Titinen bikoteek ere galtzea beharko lukete. Saralegik jokatuko du Berasaluze VIII.aren ordez Gernikan.

Titin III.a-Pascual 22-16 irabazita, errazago

Ezer baino lehen, Beroizek jokatuko du Pascualen ordez. 22-16 edo emaitza hobe batekin irabazita, Olaizola II.a eta Begino pasatuko lituzkete, eta pauso oso garrantzitsua litzateke. Emaitza okerragoarekin irabazita, Gonzalezek eta Laskurainek egiten dutena gertutik jarraitu beharko. Azken horien partida bukatzear egongo da Titin eta Beroizena hasten denean. Irujo-Merinoren emaitza ezagutzeak mesede egiten die. Galduta ere sailka daitezke, baina aukera urriak dira.

Irujo-Merino II.a Askogatik irabazi, eta itxaron

Oso zail dute sailkatzea, baina lehen pausoa tanto aldea txukuntzea da (-5), berdinduta daudenen artean askoz baita okerrena. Horretarako, tanto askogatik irabazi behar dute gaur deus ere jokoan ez duen bikote baten aurka, eta asteburu osoa itxaron. Bikote bat gutxienez sailkatuko da sei garaipenekin, eta hor datza euren itxaropena. Galduta matematikoki kanporatuta leudeke.

Berasaluze VIII.a-Apraiz Matematikaren itxaropena

Ia ezinezkoa dute finalerdietan sartzea. Gonzalezek eta Laskuraini 22-9 edo emaitza hobearekin irabazi behar diete, eta Irujok eta Titinek galtzea. Hori bai, irabazita enpresako beste bikoteei mesede handia egingo liekete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.