Ez dira erori oraindik

Binakako Txapelketan bost bikote daude garaipen bakarreko aldearekin, eta bi txartel dauzkate jokoan

David Merino, herenegun, Eibarko Astelenan, pilota jaso ezinik, postura behartuan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Bi gauza daude argi aurtengo Binakako Txapelketan: batetik, zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, behintzat, Olaizola II.a-Begino eta Xala-Barriola bikoteak finalerdietan ariko direla. Eta, bestetik, hortik behera begiratu eta ezer ez dagoela argi. Horixe dago argi. Une honetan Berasaluze VIII.a eta Apraiz daude hirugarren postuan, hiru partida irabazi eta beste hainbeste galduta, eta Martinez de Irujo eta Merino II.a daude zazpigarren postuan, bi partida irabazi eta lau galduta. Tartean, noski, beste hiru bikote ageri dira. Xalak eta Barriolak 14-22 irabazi zieten herenegun Martinez de Irujo eta Merino II.ari, eta partida horrek utzi du sailkapeneko egoera berezi hori.

Kontuak argiak dira: bost bikote daude garaipen bakarraren aldearekin, eta guztien artean bi txartel banatu beharko dituzte. Izan ere, gora begiratuta, bi bikote erdi sailkatuta daudela ikus daiteke, eta behera begiratuta erraz antzeman daiteke Olaizola I.a eta Beloki ia aukerarik gabe geratu direla. Jokatzeko geratzen diren bost partidak irabazi beharko lituzkete, eta, horrela ere, tanto aldeari begira egon beharko lukete ziurrenik.

Gehiago estutzeko arriskua

Bost jardunaldi falta dira oraindik lehen ligaxka amaitzeko, eta datorren asteburuak are gehiago estutu dezake sailkapena. Urdulizen (Bizkaia) hasiko da zazpigarren jardunaldia, ostiralean: Berasaluze VIII.a eta Apraiz, Gonzalez eta Laskurainen aurka ariko dira. Bereziki Laskurainen erakustaldiei esker, behetik gora doa Aspeko bikotea. Irabaziz gero, hiruna garaipenekin berdinduta geratuko lirateke bi bikoteak. Larunbatean, Iruñean, Bengoetxea VI.ak eta Ruizek partida zaila daukate Xala eta Barriolaren aurka. Eta larunbatean bertan, Tafallan, Irujok eta Merinok irabazi egin beharko liekete Olaizola I.a eta Belokiri. Emaitza horiekin, lau bikote egongo lirateke hiruna garaipenekin berdinduta. Saltsa gehiago sortzeko nahikoa litzateke astelehenean Logroñon Titin II.ak eta Pascualek irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.