Ez da gauza bera Lehen Mailara iritsi berria izatea, eta futbolean hasi berria izatea. Eibarrek maila berriaren ordainsaria garesti ordaintzeko beldurra zuen, eta mailak pasa zion faktura Deportivoren aurka. Jokalariak, eta entrenatzailea, baina, ez dira hasi berriak, futbolaren sotoetan zizelaturiko eskarmentua dute, eta atzo Elxen erakutsi zituzten jaitsiera postuetatik aldentzeko dituzten argudioak.
Lehen zatia joko erakustaldia izan zen, bigarrena aldiz, seriotasun eta ofizio lezioa. Horri esker etxetik kanpoko lehen puntuak lortu zituen eta bide batez sor zitezkeen lehen urduritasun zantzua aldendu. Garitanok esana zuen bere taldeak ez zituela hiru partida jarraian galduko, eta badirudi igarle lanetan ere trebea dela. Berarengan meritu gutxiago du, ondo baino hobeto ezagutzen duelako bere jokalari multzoa.
Eibarrek lehen zatia handia egin zuen. Ziur asko Lehen Mailara igo zenetik jokaturiko minuturik onenak izan ziren. Elx baino gehiago izan zen, jarreraz, oso ondo presioan, eta jokoz, hegaletan pase motzak konbinatuz. Zatian izandako lehen eta azken aukerak baliatu zituen bi golak sartzeko. Tartean, baina, gehiago izan zituen, eta onak.
Oldarkor jokatu zuen, zelai erdia hozka eginez. Bi euskarriek —biak bikain— eta zelai erdiko hiruko lerroak lan eskerga egin zuen. Horri esker iritsi zen lehen gola (2. min). Presioaren eraginez Mosquerak gaizki urrundu zuen baloia eta Dani Garciak hartu zuen areaz kanpo. Eskuinkada bortitza jo eta baloia eskuineko zutoina miazkatu ondoren sartu zen sareetan. Atezaina ere gaizki.
Golak Eibar puztu zuen, eta, haizea alde, eroso jokatu zuen. Zirimola zirudien, hegaletatik asko igo eta erdiratzen. Aukera onena Arruabarrenak izan zuen, baina ez zuen asmatu ate aurrean. Elx ezinean zebilen, jokaldi bat edo beste josi zuen baina eraso jarioa ez zen ugaria. Eibarrek atsedenaldiaren aurretik sartu zuen bigarrena, zazpigarren kornerrean. Berjonek ondo jo eta Albentosak, buruz, sareetara. Atezaina gaizki irten zen, eta Rocok ez zuen goleatzailea estu hartu. Etxekoek merezitako txistuak entzun zituzten aldagelarako bidean.
Bigarren zatia oso ezberdin hasi zen. Fran Escribak Herrera zelairatu, bi aurrelariren aldeko apustua egin, eta asmatu egin zuen. Bi minutuetara lehen sustoa eman zuen eta hari esker aukera onak sortzen hasi zen. Eibar uzkurtu egin zen, hein handi batean Elxek gora egin zuelako. Pauso bat eman zuen atzera, atzeko lerroa sendotu eta kontraerasoaren bila.
Amaiera lasaia
Etxekoen oldarraldiak ordu laurden iraun zuen. Eibarrek okerrena pasea zuen eta berriz ere zelaia okupatzen hasi zen. Aldaketek arnasa bueltatu zieten armaginei eta jokoa lasaitu zuten. Elxek aukerak izaten jarraitu zuen, baina ez garbi garbirik, eta atera jaurti zutenean Iruretagoiena agertu zen. Minutuak pasa ahala Eibar erosoagoa zegoen, fisikoki Elxek baino hobeto bukatu baitzuen. Eibarreko jokalariek irribarrea ezpainetan zutela utzi zuten zelaia, eurek ere behar zuten atzokoa bezalako partida bat.
Golak. 0-1: Dani Garciak (3. min); 0-2: Albentosak (44. min).
Epailea. Jaime Latre Txartel horiak Elxeko Lombani eta Eibarko Iruretari.
Bestelakoak. 22.474 ikusle Martinez Valero estadioan.