Ez dira hobeak, ez daude ondo

Lagun Arok Unicajaren sasoi txarra baliatu nahi du, eta Kopa eskura utziko dion garaipena lortu

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Bakoitzak berea defendatzen du. Lagun Aroren aurkakoa finaltzat daukate Malagan, larri baitabil Unicaja. Hiru partida galdu ditu jarraian ligan, eta beste bat Euroligan. Orain hiru aste, askoz balantze hobea zeukaten, 6-3, eta Kopa gertu-gertu. Bolada txar horrek, ordea, Kopa urrundu du Aito Garcia Renesesen taldearentzat, eta hori bekatu larri baten antzekoa da Malagan, ACB ligako aurrekontu oparoetan hirugarrena dutelako eta inbertitutako dirua eta lortutako emaitzak ez datozelako bat. Lagun Aroko Pablo Lasok, ordea, bere egin zuen Unicajaren egoera, atarikoa aztertzeko esandako lehen hitzetan: «Guretzat ere final bat da, eta beste talde guztientzat ere bai. Talde bakoitzak bere egoera du, baina denok dugu jokoan zerbait, eta sailkapenean ez gaude Unicaja baino askoz hobeto».

Egia da hori, garaipen bakar baten aldea baitute donostiarrek. 4. edo 12. izatea eragiten duen aldea, halere. Sailkapen horrek dio Unicajak ez duela Lagun Arok baino talde hobea, izenak izen, eta aurrekontuak aurrekontu, eta egia handiagoa da Unicaja ez dagoela ondo. Ondorioa? Neurketa parekatua dagoela, eta Lagun Arok baduela Malagatik garaipenarekin bueltatzeko aukera.

Irabazteak Kopako txartel erdia ekar dezake. Zortzigarren garaipena lortuko lukete gipuzkoarrek, eta lehen itzulia bukatzeko falta diren lau jardunaldietan beste bat lortuta nahikoa izan liteke, Lagun Arok aldeko eta aurkako puntu balantze ona duelako. 27koa da, hain zuzen ere, eta bera indartzearekin bat, Unicaja Kopa lortzeko aukerarik gabe utziko luke ia. Puntu aldea zaintzea erabakigarria izan liteke, eta horregatik, galduta ere, komeni ahalik eta puntu kopuru txikienagatik galtzea. Gauzak ondo bidean, Unicajak Lagun Aro menderatzen badu ere, gipuzkoarrek aurretik segitu dute sailkapenean.

Panko kili-kolo dabil

Gabonetako lehen egunek Andy Panko hegalekoa gaixotu dute. Sukarrak jota ibili da estatubatuarra, eta garaiz osatu bada ere, pentsatzekoa da ez dela bete-betean ariko. Unicajari dagokionez, arazo franko izaten ari dira lesioekin, eta dagoeneko 16 jokalari erabili ditu. Bat joan, bestea etorri, segidan jokatu ezinik dabil, muturretik muturrera. Dena den, irregulartasuna azken hiru sasoitan errepikatu den egoera da, eta horrek arazoa sakonagoa dela erakusten du. Izena bai, baina izanik ez duten jokalariak. Adibidez, Uros Tripkovic fitxatu zuten udan, baina eskas ari da, eta joan den denboraldian fitxatutako izarrak ere, Saul Blanco eta Giorgios Printezis, ez dabiltza ondo.

Kontrakoa gertatzen da Lagun Aron. Izar distiratsurik ez dago, edo, baldin badago, ez du izar moduan jokatzen. Denek dute garbi euren lana zein den, eta minutu gutxien jokatzen dutenek ere neurri txukuna ematen dute Lasok kantxaratzen dituenean. Alfonso Sanchez eta Domen Lorbek dira adibide onenak: Sanchez erabakigarria izan zen Kanaria Handiaren aurkako garaipenean, baina Granadan ez zuen jokatu; Lorbek, aldiz, erabakigarria izan zen Granadan, hiru hiruko eta 11 puntu saskiratuta —11 minutu bakarrik jokatzen ari da batez beste—. Zalantzarik ez, talde lan on horri eustea izango da Kopa jokatzeko ametsa mantentzeko bide eraginkorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.