Lehen aldiz ari da Malaga Txapeldunen Ligan. Nork esango luke. Manuel Pellegrinik entrenatutako taldea klub handien eskarmentuarekin ari da. Lehenbizi, Panathinaikos kanporatu zuen atarikoan, eskarmentua soberan duen taldea. Eta behin ligaxkan, mugarriz mugarri ari da. Estreinakoan, etxekoen aurrean, astindu ederra eman zion Zenit San Petersburgori, Europako aberats berriari (3-0). Eta atzo, beste horrenbeste egin zuen Bruselan, Anderlechtekin (0-3). Isco izan zen errusiarren borreroa, bi gol sartuta. Atzo, berriz, Eliseuren txanda izan zen. Erdilari portugaldarrak bi gol sartu zituen, lehena eta hirugarrena. Tartean Joaquinek sartu zuen bigarrena, penaltiz. Bi partida eta bi garaipen Malagarentzat. Sei puntu ditu, eta lider sendoa da C multzoan. Milan du atzetik, bi puntu gutxiagorekin. Italiarrek 2-3 irabazi zuten atzo Zeniten zelaian.
Ez zen izan Malaga atzo bigarren lehia irabazi zuen bakarra. A multzoan, Portok 1-0 hartu zuen mendean PSG, eta lider da sei punturekin. Hiruna punturekin daude frantziarrak eta Dinamo Kiev. Ukrainarrek 2-0 irabazi zioten atzo Dinamo Zagrebi. B multzoan, Arsenal Olympiakosi nagusitu zitzaion (3-1), eta lider da sei punturekin. Schalkek lau puntu ditu, Montpellierrekin bina berdindu ondoren. D multzoan, Real Madrilek bigarren garaipena lortu zuen. 1-4 irabazi zion Ajaxi. Multzoko beste partidan, Manchester Cityk eta Borussia Dortmundek bana berdindu zuten.
Futbola. Txapeldunen Liga
Ez dirudi iritsi berria
Estreinako partidan Zenitekin egin zuen bezala, Malagak ere astindu ederra eman dio Anderlechti (0-3)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu