Ez dirudi toki aproposa etxetik kanpoko bolada eteteko

Real Madrilen aurka soilik galdu du Espanyolek bere zaleen aurrean, baina ezustea eman nahi du Osasunak

Iruñea
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Osasunak Espanyolen gotorlekuari eraso nahi dio gaur. Ez da erronka samurra, eta estatistikak dira horren erakusle: etxean jokatutako bost partidetatik hiru irabazi egin ditu Espanyolek, beste bat berdindu eta Real Madrilen aurkakoa soilik galdu. Hargatik, Osasunak Iruñetik urrun hiru partida berdindu eta hiru galdu egin ditu, eta Nafarroako Erresumatik kanpo ere irabaz dezaketela erakutsi nahi dute gorritxoek gaur Cornella-Praten.

Iruñetik urrun jokatutako sei partidetatik galdu dituen hirurak Espainiako Ligako zelairik zailenetakoetan galdu dituzte gorritxoek: Nou Campen, Santiago Bernabeun eta San Mamesen, hain zuzen ere. Jipoia jasota galdu zituzten hiru partida horiek nafarrek, baina beste hiru irteeretan ondo lehiatu ziren, eta irabazteko aukera ere izan zuten. Gaur arratsaldean Espanyolen aurka gutxienez lehiatu ahal izatea da asmoa, lehiatzeko gauza izanez gero irabazteko aukera ere izango dutela badakite-eta nafarrek.

«Etxetik kanpo oraindik ahal dugun eta behar dugun bezala ez dugula jokatu uste dut. Garrantzitsua izango litzateke Espanyolen zelaian emaitza ona lortzea, baina ez Rayo Vallecanori ez geniolako irabazi, oraindik etxetik kanpo gure benetako maila ez dugulako erakutsi baizik. Ez ditugu gauzak behar bezala egin, eta ezin da ahaztu ondo jokatuta soilik ez direla lortzen garaipenak. Hain ondo ez jokatu arren irabaztea ere garrantzitsua izaten da tarteka», esan zuen atzo entrenatzaile zaldibartarrak. Mendilibarrek puntuak batu nahi ditu. Berdin zaio nola jokatu, nahiz eta, noski, aukeran ondo jokatuta irabazi nahiago duen. Gaur irabazteak, gainera, saria izango luke, Espanyol aurreratuko bailuke Osasunak. Horixe da, hain justu, nafarren asmoa gaurko partidari begira.

Satrustegi, berriro hasieratik

Deialditik at geratu zen atzo Jukka Raitala finlandiarra, arazo fisikoak tarteko. Beraz, defentsako ezker hegalean Eneko Satrustegi harrobiko jokalaria ariko da berriz ere. Real Madrilen zelaian jokatu zuen estreinako aldiz lehen taldearekin. Ez zuen itxura txarra eman, baina taldeak jipoia hartu zuen, eta epaileak egotzi egin zuen bigarren zatian. Gaur arratsaldean bere balioa erakusteko bigarren aukera izango du 21 urteko jokalari gazteak. Roversio ere sartu zen deialdian, eta, Lamah-k bezalaxe, baliteke erdiko atzelari brasildarrak ere hasieratik jokatzea. Ricardo, Calleja eta Lekic deialditik at utzi zituen Mendilibarrek, jokatzeko moduan egon arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.